Ricek esan zuen, «ziurtatu nahi dut jende guztiak ulertzen duela AEBek ahalmen guztiak erabiliko dituela elkar defendatzeko ituna betetzeko». Asian bidaia diplomatikoa abiatu du Etxe Zuriaren ordezkariak, aliatuak lasaitzeko eta Ipar Koreari ezarritako zigorrak betearazteko laguntza lortzeko. Nazio Batuen Erakundeak hainbat neurri hitzartu zituen joan zen astean Ipar Korea zigortzeko eta honi atzerrian bere egitasmo nuklearra garatzeko gaiak eta tresnak lortzea galarazteko. Txinaren sostengua ziurtatzea izango da Riceren zailtasun nagusia. Txinak Piongiang zigortzearen alde bozkatu bazuen ere, ez du gogorregi jokatu nahi hegoaldeko auzoarekin, errefuxiatu olde bat ez eragiteko.
AEBek defendatuko dutela bermatuta, Japoniak bere bonba nuklearra eraikitzeko ahaleginik ez duela egingo esan zuen atzo Atzerri ministroak, Taro Aso. Haatik, goizago Japoniak arma atomikoak edukitzearen inguruan hitz egiteko beharra dagoela esan zion Asok Legebiltzarreko batzorde bati. Gaur, Hego Koreara joatekoak dira Rice eta Aso.
BIGARREN PROBAREN BELDUR. Joan zen asteko leherketa egiteko erabilitako gunean lanak areagotu dituztela hauteman dute satelite bidezko irudiak erabilita, eta Ipar Korea bigarren proba nuklearra egiteko prestatzen ari dela diote Seulek eta Tokiok. Proba egingo duela esan dio Piongiangek Pekini dagoeneko, AEBetako Gobernuko iturriak aipatu zituen telebista kate baten arabera. Txinak ukatu du halako oharra jaso duela.
Lur azpian egin zuen leherketa Ipar Koreak joan zen asteko astelehenean. Munduko sismografoek jaso zuten eztandak eragindako dardara, baina indar gutxikoa izan zenez, batzuk zalantzan jarri zuten benetako bonba nuklearra probatu zenik. Horregatik, beste proba indartsuago bat egingo dutela espero da. Horrez gain, armategi nuklearra osatzeko oraindik hainbat saio egin beharko ditu Ipar Koreak, adituen arabera. Beste proba bat egitea «munduari erantzun oso erasokorra» ematea litzatekeela ohartarazi dio Washingtonek.
Txina,
harresi handi berriaeraikitzen
Ipar Korea eta Txina bereizten dituen mugan porlanezko eta alanbrezko hesia altxatzeko lanak azkartu ditu Pekinek, errefuxiatu olde baten beldurE. LartzangurenKamuflatze jantziekin eta palak arma gisa, Hushan herrixkan hesia eraikitzen hasi ziren Txinako Herri Askapenerako 100 bat soldadu, Ipar Korearekiko mugan, Dangdong hiritik iparraldera. «Lau egunetan lanean aritu ondoren bukatu zuten», esan du Hushango Ai abizeneko nekazariak. Lau egunetan 500 metro ia eraiki zituzten militarrek. «Ez dakigu zertarako egin duten», dio beste herritar batek. Lekukoen arabera, azken asteotan asko azkartu egin du Pekinek Txina eta Ipar Korearen arteko mugaldeko hesia altxatzeko lana, Piongiangen proba nuklearrak sorturiko tentsioak akuilatuta, antza. Ipar Koreatik errefuxiatu olde handia sortuko den beldur da Pekin, eta baditu arrazoi onak hori pentsatzeko.
Hesia eraikitzeko egitasmoa zaharra dela eta egungo krisiarekin lotura zuzenik ez duela dio Pekingo Atzerri Ministerioak. Izan ere, 2003. urtean hasi ziren eraikitzen porlanezko eta alanbre arantzadunezko hesia Tumen ibaiaren bazterrean, ipar ekialdeko mugari jarraiki. Bi herrialdeen arteko hego-mendebaldeko muga egiten duen Yalu ibaiaren bazterrekoa aurtengo irailean hasi dute. Hamar metroko zabalera baino ez du leku askotan ibaiak, eta aski erraza da hura zeharkatzea, batez ere neguan, ura izoztuta dagoenean.
«Asmoa Ipar Koreako iheslariak Txinara heltzea galaraztea da», dio Kim Woo-Jun Seulgo (Hego Korea) Ekialdeko eta Mendebaldeko Ikasketa Institutuko adituak. «Izan ere, iheslari kopuruak asko egingo du gora, erregimena bere herritarren beharrei erantzutekogauza ez delako». Dandong hiriko mugazainek egin dute kalkulua: gutxienez 500.000 errefuxiatuk zeharka dezakete muga Txinako Liaoning eta Jilin eskualdetara, nazioarteko zigorrek bi herrialdeen arteko merkataritza blokeatzen badute. Dagoeneko 60.000 eta 300.000 hegokorear daude Txinako ipar-ekialdeko eskualdetan, azken hamarkadan Ipar Koreako ekonomiak pairaturiko gainbeherak bultzatuta.
Halako ihesaldirik berriz gertatzea saihestu nahi du Txinak hesiarekin. Badu, halere, beste arrazoi bat horma eraikitzeko. Txina eta Ipar Korearen arteko muga itun ezkutu baten bidez finkatu zuten bi herrialdeok, Korearen banaketa eragin zuen gerraren ondoren. Itun hori ez dute inoiz Nazio Batuen Erakundera eraman, eta, beraz, nazioarteak ez du muga berretsi. Korea bateratuko balitz etorkizunean, korearrek muga berriz negoziatzeko eska dezaketen beldur da Pekin. Hesia, beraz, egungo muga argiago agertzeko erabil dezake Txinak.