Piratak telebista publikoan

Greziako Gobernuak ERT telebista publikoa itxi zuen, ia 2.700 lagun kaleratuz. Orain arte, legez kanpo emititzen jarraitu dute langileek egoitzatik, baina seinalea kendu die Europak.

2013ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Krisiak eta murrizketak egin beharrak bultzatuta, telebista publikorik gabeko Europako Batasuneko lehen herrialdea bihurtu zen Grezia duela bi hilabete eta erdi. ERT berehala ixtea eta 2.600 langile baino gehiago kaleratzea agindu zuen dekretuz Andonis Samarasen gobernuak ekainaren 11n, gastua murriztu behar zela argudiatuz. Itxiera justifikatzeko, gobernuak telebista publikoaren funtzionamendu okerra azpimarratu zuen: «ERTk urtean 300 milioi euro inguru gastatzen ditu argindarrean,eta langileen eta ikus-entzuleen kopurua kontuan hartuta, beste kateek baino lau aldiz langile gehiago ditu proportzionalki». Hilabete baten ondoren, uztailaren 10ean, telebista publikoaren seinalea berreskuratu zuen gobernuak sortu berri duen EDT telebistarentzat. Telebista publikoko langilerik gabe eta estudio pribatu bat erabiliz jarri zuten abian EDT behin-behineko telebista. NERIT Greziako telebista publiko berria iritsi bitartean egongo da airean.

Itxi ostean ere, ERTren egoitzan lanean jarraitu dute langileek, eta baimenik gabe emititu dute, era piratan. Baliabide gutxirekin eta inongo soldatarik gabe baina «askatasun osoarekin», ERTko kazetariek ohiko programazioa aurrera atera dute egunero telebista publikoa zenaren egoitzatik: «Lehen aldiz, kazetaritza irizpideen arabera erabakitzen dugu hedabidearen programazioa, inolako esku hartze politikorik gabe, eta hori guretzat oso garrantzitsua da», aipatu du ERTko aurkezle Ana Konstandakakik.

Orain, EBU Europako Irrati-Telebisten Batasunak moztu egin ditu bai ERTren seinale analogikoa eta bai satelite bidezkoa. Orain arte, nahiz eta legez kanpo jardun, ERTren emisioetan lagundu du erakunde europarrak. Justifikazioa da NERIT izeneko telebista publiko berria martxan jarri bitartean albistegi propioak emititzen hasi dela gobernuak aldi baterako sortutako EDT telebista. Horretarako, 577 langile kontratatu ditu, eta aste honetan bertan hasi da albistegiak emititzen, orain arte pelikula eta dokumental zaharrak soilik emititzen baitzituen. Hala ere, erakunde publikoko langile ohiek adierazi dute ERT itxi zenetik egindako programazioa internet bidez emititzen jarraituko dutela.

Gobernuari belauniko

Telebista publikoko profesional berrien aukeraketa gardena ez izatea eta botere politikotik gertu dauden kazetariak aukeratu izana salatu dute ERTko langileek. Esan dute erakunde berria gobernuaren kontrol handiagoaren menpe egongo dela: «Parlamentuan onartutako legediak ezartzen duenez, gobernuak aukeratuko ditu NERIT telebista publiko berriaren administrazio kontseilua eta zuzendaritza». ERTko ordezkari sindikal Maji Nikolarak argi utzi du hori ez dela Europako Batasunak onar dezakeen telebista publiko bat. Itxitako ERTko berriemaile Dora Makrik gaineratu du ERTren itxiera «erabaki politiko» baten ondorioa dela, eta ez erabaki ekonomiko batena. Izan ere, itxi zuten arte irabaziak izan zituen irrati-telebista publikoak. Langileen arabera, kalte-ordainak pagatzeak eta indarrean ziren kontratuak eteteak 300 eta 350 milioi euro arteko kostua izango du Greziako Estatuarentzat.

Europako Irrati-Telebisten Batasunak azaldu du Greziako Gobernuari idatzi diola, NERIT telebista publiko berriaren sorreran behar duen «babesa eta laguntza» eskaintzeko: «Kate independentea izatea espero dugu, beharrezkoa baita Greziako hedabide publikoak berrezartzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.