Pisu astun bat

EBn sartuko den herrialde handiena da eta ekonomia arazo gehien dituena

2003ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Maiatzean Europako Batasunean sartuko diren beste bederatzi kideen populazio osoa baino handiagoa dauka Poloniak: 38,9 milioi. Azaleraz ere herrialde handiena da eta Europaren erdian dago. Bere kokapen estrategikoarengatik interes handia izan du EBk Polonia kide bihurtzeko, baina azken urteetan interes hori txikitzen joan da, herrialdeak erreformak egiteko dituen zailtasunak ikusita. Hedapeneak arazoak eragin dakizkioke EBko mugetatik kanpo geratuko diren ekialdeko bizilagunekin ere. Hala, eta EBk bultzatuta, 100.000 bisa eman dizkie ukraniar eta bielorrusiarrei.

Poloniarrek espero dute azken bi mendeetako historia inbasioak eta okupazioak betiko saihestea Batasunean sartuz. Bizi maila hobetzea ere espero dute. Lau hamarkadatan aginte komunista izan ostean, 1989an Mendebalderanzko joera hartu zuen ekialdeko Europako lehenengo herrialde Poloniak. Merkatu ekonomia ezarri eta inbertsioak erakarri ditu urte hauetan, baina soldatak eta hazkunde ekonomikoa txikiak dira oraindik soldatak EBn baino lau bider txikiagoak. Langabezia oso altua da, %20, eta nekazaritza sektorea oso handia; herritarren %27k egiten dute lan sektore horretan. Horregatik, nekazaritza arloa berrantolatzea eta nekazariei emango zaizkien diru laguntzak hitzartzea izan dira Bruselaren eta Varosviaren arteko burukomin handienetakoa. Europako Batzordeak ustelkeriagatik ere kezka adierazi du. Azaroaren hasieran Europako Batzordeak kaleratutako txosten baten arabera, kide berrietatik EBn sartzeko egoera okerrenean jarraitzen du Poloniak. Nekazaritza sektorearen inbentarioa konputerizatu eta elikagaien osasun zein higiene arauetara egokitzeko premiazko neurriak eskatu zizkion Bruselak.

Krisi politikoa

Leszek Millerren zentro-ezkerreko gobernuak EBn sartu eta ekonomia berpiztea agindu zuen 2001ean, kargua hartzean. Langabezia tasa altua eta finantza krisia hartu zituen oinordetzan, ordea. Aurtengo udaberrian PSL Poloniako Nekazarien Alderdia koaliziotik bota zuen, zerga erreformaren aurka bozkatu zuelako Legebiltzarrean. Adituen ustez, PSLk zalantzak zituen EBn sartzearen onuraz.

Ekaineko EBn sartzeari buruzko erreferendumak arnasa eman zion Millerri. Parte-hartzeak gutxieneko %50 gainditu zuen %59koa izan zen eta botoa eman zutenetatik %77,5ek alde bozkatu zuten. Handik gutxira, konfiantza mozio bat gainditu zuen gobernuak. Varsoviak nazioartekoari begira hartu duen jarrerak haserrea eragin du EBko zenbait kideren artean, Frantzia eta Alemanian bereziki. AEB Ameriketako Estatu Batuak babestu zituen Iraken aurkako erasoan eta gaur egun Irakeko okupazio indarren buruzagia da hego-ekialdean. 9.000 soldaduko talde bat zuzentzen du eta horietatik 2.000 poloniarrak dira. AEBen eraso prebentiboen politika ere babesten du. 1999tik NATOko kidea da. Bestetik, Eliza Katolikoaren eragin handia dela-eta, Europako Konstituzioan erlijioari aipamen handiagoa ez egitea salatu du Varsoviak. Elizak eskoletan otoitz egin beharrari eta abortoari buruzko hainbat eztabaidatan hartu du parte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.