Marokoko Ordezkarien Ganberarako hauteskundeetako lehen emaitzen arabera, PJD Justizia eta Garapena alderdi islamista moderatua doa aurrena, batez beste botoen %28,5 lortuta. Ganberako 395 diputatuetatik 288 erabakita daude, eta PJDk 80 daramatza, Tayeb Cherkaui Barne ministroak jakinarazi duenez.
Istiklal alderdi abertzalea doa bigarren, 45 eskainurekin, eta Independenteen Batasun Nazionala hirugarren, 38rekin.
2007ko hauteskundeetan PJDk %37ko babesa izan zuen, hark lortu zuen boto gehien, baina zenbaketa sistema zela-eta 46 diputatu lortu zituen eta Istiklalek osatu zuen gobernua.
Aurten hasieran, PJDk gogor egin zion Otsailak 20 mugimenduari: Maroko "udaberri arabiarreko salbuespena" dela esanez. Geroago, baina, jarrera aldatu, eta aitortu zuen mugimenduari esker iritsi dela erregeak iragan uztailean egindako konstituzioaren aldaketa. Islamista guztiak, ordea, ez datoz bat PJDrekin. Izan ere, Justizia eta Karitatea legez kanpoko alderdiak, O-20rekin batera, boikota egitera deitu du bozetarako —uztaileko galdeketan konstituzioa aldatzearen alde egin zuten—.
Atzo egin zituzten parlamenturako bozak, eta bozkatzeko eskubidea zuten zortzi milioi herritarrek ez zuten izenik eman hautesle erroldan; hau da, hautesleen %40k. Hamalau milioi herritar inguruk izan zuten botoa emateko aukera.
Mohamed VI.a Marokoko erregearen esku dago datozen bost urteetarako gobernuburu berria nor izango den aukeratzea.