Urri amaieran hiru baldintza jarri zizkion KCK Kurdistango Herri Konfederazioak Turkiako Gobernuari PKK Kurdistango Langileen Alderdia gerrillarekin bake negoziazioak jarraitzeko: Andullah Ocalan buruzagi presoari esku hartze handiagoa ematea, negoziazioak ahalbidetzeko legezko marko bat eratzea, eta Ankararen eta PKKren negoziazioetan "hirugarren alde bat" sartzea begirale lanak egiteko. PKK-k bake negoziazioak martxan jartzeko hitzartutakoa bete duela iritzi dio Cemil Bayik KCK-ko presidenteak, baina Turkiako Gobernuari urratsik ez egitea egozten diote kurduek.
"Gauzek horrela jarraitzen badute, Turkiara gerra itzuliko da", adierazi dio Bayikek Yuksekova Haber albiste atariari, eta udaberria arteko epea eman dio Ankarari bake prozesua sustatzeko "urrats zehatzak" egiteko.
PKK-ko gerrilariak Turkiaren menpeko Kurdistanetik Kandil mendietara erretiratu ziren, Ocalanek Turkiako Gobernuarekin egindako hitzarmenari jarraiki, baina ordutik Recep Tayyip Erdoganen gobernua luzamendutan ibili da, neurri zehatzik hartzeke.