"Badakigu AKP Justiziaren eta Garapenaren Alderdia [Turkiako Gobernuan dena] gerra handi baterako prestatzen ari dela. Gaur-gaurkoz ez dago akordio sorta bat, gobernua hurrengo hauteskundeetarako prestatzen ari baita", esan du KCK Kurdistango Herri Konfederazioko kopresidente eta PKKren sortzaile Cemil Bayikek.
Gardentasunez ez jokatu izana egotzi dio Bayikek Ankarari, eta gogora ekarri du uztail amaieran aurrerapausoak emateko jarritako epemuga: irailaren 1a. Iganderako Turkiako Gobernuak urratsik egiten ez badu, PKK-k bertan behera utziko du aldebakarreko su-etena.
Halaber, BDP Bake eta Demokraziaren Alderdi kurduko buru Altan Tanek adierazi duenez, Turkiako Gobernuak preso kurduei amnistia orokor bat ematea hitzeman zuen sekretuan udal hauteskundeak baino lehen. 2014ko martxoan izango dira bozak.
Halakorik esan izana ukatu du Bulent Arinc Turkiako lehen ministrordeak, eta gaineratu du gobernua "gogor" ari dela lanean bake prozesuaren alde hasieratik.
Martxoaren 21ean eman zuen Abdullah Ocalan PKK-ko buruzagiak aldebakarreko su-etena, Newroz egunean; alegia, kurduen urteberri egunean. PKK maiatzean hasi zen Turkiako mugatik erretiratzen.