PKK-ko 25 kide eta polizia bat hil dituzte Kurdistan iparraldean
PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren kanpaleku bati airez eraso dio Turkiako armadak, eta 25 gerrillari hil ditu, hango informazio agentzien arabera. Sabah egunkariak adierazi duenez, kanpalekuan 200 gerrillari inguru zeuden, tartean, joan den astean Beytussebap hirian —Siriako eta Irakeko mugatik gertu— armadaren postu militarren aurka egindako erasoaren erantzuleak. Eraso horretan, PKK-k Turkiako hamar soldadu hil eta beste zazpi zauritu zituen. Soldaduek ere tiroz erantzun zuten, eta hogei gerrillari hil zituzten. Bestalde, Turkiako Poliziaren zuzendari Huseyn Capkinek jakinarazi du Istanbuleko polizia etxe batean polizia bat hil dutela eraso suizida bat eginda. Eztandak eraikinaren zati bat erortzea eragin du, eta poliziek eremua itxi dute. Oraindik ez du inork erasoa bere gain hartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu