mundua

PKK-ko gerrillariak maiatzaren 8an hasiko dira Turkiatik erretiratzen

Kurdistango hegoaldera irtengo dira, Irakeko mugaz beste aldera, modu antolatuan, eta prozesua "ahal bezain laster" amaituko dute. Turkiako armadaren edozein ekintzak prozesua atzeratuko lukeela ohartarazi dute.

2013ko apirilaren 25a
16:22
Entzun

Turkiako mugatik kanpo erretiratuko dira PKK-ko gerrillariak, eta maiatzaren 8an hasiko dute prozesua, Murat Karayilanek jakinarazi duenez, lehenago Firat hedabide kurduak maiatzaren 5ean izango dela esan badu ere. KCK Kurduen Komunitatearen Batasuneko buruetako bat da Karayilan, eta PKK-ko gerrillarien izenean ari da hizketan. Ohartarazi du, hala ere, Turkiako armadaren edozein ekintzak erretiratzea atzeratuko lukeela. Kandil mendiaren ingurua behatzen aritu dira gaur ere Turkiako armadaren hegazkinak, gerrillariek albistearen berri eman duten gunea. Erretiratzeko arazorik ez bada, beste urrats garrantzitsu bat izango da Turkiako Gobernuak eta PKK-k hasi berri duten prozesuari begira.

Erretiratzeko baldintzak jarri dituzte Firat-en arabera.Gerrillariek erabiltzen dituzten ohiko bideetatik joango dira, modu antolatuan, eta arazorik gabe, prozesu amaiera "ahalik eta azkarren" egiteko. Kurdistango hegoaldera joango dira, Irakeko aldera, eta Karayilanek espero du Irakeko autoritateek eta batez ere Kurdistango gobernu autonomoak bidea erraztea. Turkiako militarrei ere "antzeko sentsibilitatea" eskatu die, eta haiengandik erasoren bat etorriz gero defendatzeko "zilegitasun osoa" izango dutela nabarmendu du.

Tropen erretiratzea jakinarazita, ikusteko egongo da Turkiako Gobernuak zein pauso emango dituen. Hain justu,1990eko "gerra zikina" ikertzea ezinbestekoa izango da, besteak beste, Human Right Watch erakundearen ustez, auzi kurdua konpondu nahi bada. Salatu duenez, garai hartan desagerrarazi zituzten "ehunka edo milaka” kurduren kasuak ikertu gabe daude oraindik, eta preskribatzeko arriskuan dira. “90eko krimenak ikertzeak eta auzibideak zabaltzeak bake iraunkor baterako oinarriak finkatzen lagunduko luke”.

Bideo bat argitaratu du HRWek: desagertu eta torturatuta hildako hiru biktimaren kasuak agertzen ditu, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak berak baieztatutakoak. Arrazoi eman zien senideei auzitegi horrek. Baina zigorra bete arren, Ankarak ez du ikerketarik hasi gertatutakoa aztertzeko eta errudunak zigortzeko.

1990eko hamarkadaren erdialdean urtero 250 pertsona inguru desagerrarazi zituzten, eta jasoa dagoen azken kasua 2004koa da. Turkiako legeak hogei urte ematen ditu kasuak ikertzeko epe gisa. Apirileko lege erreforma batek tortura kasuengatik epe muga hori kendu egin zuen, baina desagertuak erreforma horretatik kanpo geratzen dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.