2016-2020 legealdian PLN Askapen Nazionalerako Alderdiaren esku izango dira Costa Ricako alkatetza gehienak. Alderdi sozialdemokrata hori izan da bozkatuena, eta PUSC Batasun Sozial Kristauaren Alderdia izan da bigarren, hamasei alkatetza lortuta.
%65ekoa izan da parte hartzea; 2010eko bozetan baino zazpi puntu apalagoa. Behin-behineko datuak eman ditu Hauteskunde Batzordeak, eta asteartean emango ditu behin betikoak.
PLNko presidente Jose Maria Figueres pozik agertu da emaitzekin. San Jose hiriburuan, berriz, Alianza San Jose alderdiko hautagai Johnny Araya nagusitu da, botoen %40,5 eskuratuta. Araya 2014an egotzi zuten PLNtik, eta 21 urtez izan zen hiriburuko alkate. 2012an egin zion uko alkatetzari, herrialdeko presidentegai izateko.