Krisi politikoa Brasilen

PMDB alderdiak Rousseffekin hautsi, eta koalizio gobernua utzi du

Brasilgo alderdi nagusiak "PMDBren izenean" gobernuan kargurik ez hartzeko agindu die afiliatuei. Presidentearen aurkako auzi politikoan "independente" gisa jokatuko du.

Adrian Garcia.
2016ko martxoaren 29a
07:41
Entzun

Aurreikuspenak bete dira, eta PMDB Brasilgo Mugimendu Demokratikoaren Alderdiaren zuzendaritzak bilkuran aho batez hartu du erabakia: PT Langileen Alderdiarekin ofizialki hautsi dute, eta Dilma Rousseff presidentearen gobernua uzteko agindu die afiliatu guztiei —atzo dimisioa eman zuen Turismo ministroak—. Halere, erabakiak lehen arrakalak ireki ditu alderdian bertan, ministro guztiek ez baitute kargua utziko. Zazpi ministro ditu guztira. 

Koaliziokide nagusia zuen Roussseffek PMDB. Brasilgo alderdi nagusia da, ordezkarien ganberan zein senatuan diputatu gehien dituen alderdia. Era berean, eskualde ugari eta hiri garrantzitsuenak kontrolatzen ditu. PMDBren urruntzea mehatxu zuzena da Rousseffentzat, haren aurka abiatu duten kargugabetze prozesua indartuko baitu. Beste koaliziokide batzuk egin gisan, PMDBk iragarri du boto askatasuna emango diela diputatuei presidentea kargugabetzeko auzian.

Parlamentuak Rousseff kargugabetzen badu, orain arteko presidenteordeak, PMDB alderdiko Michel Temerrek, hartuko luke agintea. Paradoxikoki, sekula presidentetzarako hauteskundeak irabazi ez dituen alderdi batek hartuko luke estatu buruzagitza. Brasilgo hedabideen arabera, PMDBk gizarte laguntzak murriztu nahi ditu, aurrekontua "orekatzeko", inbestitzaileak erakarri eta ekonomia suspertzeko.

PT zipriztindu duten ustelkeria kasu ugariek katramilatu dute bi alderdien arteko harremana. Auzia are gehiago gaiztotu zen orain aste batzuk Luiz Inacio Lula da Silva presidente ohia auzipetzean, eta Rousseffek ministro izendatzean. Epaile batek bertan behera utzi zuen Lularen izendapena, forudun izatea eragozteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.