Unicef-en urteko txostena

Pobreziak, gerrak eta hiesak munduko haurren erdiak kaltetzen dituzte

2.200 milioi haur bizi dira egun munduan, baina horien erdiak, mila milioik baino gehiagok, bizirauteko arazo handiak dituzte pobreziaren, gerren eta hiesaren eraginez. Hain zuzen ere, UNICEF Nazio Batuetako Haurrentzako Funtsak gaur plazaratu duen urteko txostenaren ondorio nagusia horixe da. 2003an 10,6 milioi ume hil ziren 5 urte bete baino lehen.

2004ko abenduaren 9a
15:33
Entzun
Carol Bellamy UNICEFeko zuzendari exekutiboak aurkeztu du txostena, Londresen, Ekonomia Eskolan. Datu ugari plazaratu ditu, baina guztiek gauza bakar bat utzi dute agerian: biziraupena eguneroko borroka dutela milioika eta milioika haurrek.

Honakoak dira UNICEFen iduriko, datu arduragarrienak:

-640 milioi haurrek ez dute behar bezalako bizilekurik.

-500 milioi haurrek ez dute saneamendu-sareen hornikuntzarik.

-400 milioi haurrek ez dute ur edangarririk.

-300 milioi haurrek ez dute eskura informazio zerbitzuak jasotzeko aukerarik (telebista, irrati eta egunkaririk).

-270 milioi haurrek ez dute osasun zerbitzurik.

-140 milioi haur (gehienak neskatoak) ez dira inoiz eskolara joan.

-90 milioi haurrek elikagai eskasia handia dute.

Bellamyk nabarmendu du Haurren Eskubideen inguruko Hitzarmenak umeek osasuntsu eta behar bezala babestuta hazteko eskubidea dutela aitortzen duela, eta munduko gobernu gehienek izenpetua dutela itun hori. Hala ere, gobernu askok eta askok eskubide horiek bermatzeko arauak ez dituztela betetzen salatu du; aitzitik urratu egiten dituztela nahiz eta milaka haur kaltetuko dituztela jakin. "Pobrezia ez da ezerezetik sortzen; gerra ez da arrazoirik gabe sortzen; hiesa ez da bere kabuz zabaltzen. Gure erabakien ondorioz gertatzen dira gauza horiek guztiak", adierazi du.

UNICEFen txosten osoa gazteleraz eta frantsesez .

-
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.