Europako Legebiltzarra

Poettering aukeratu dute Europako Legebiltzarreko presidente, erraz

2007ko urtarrilaren 16a
14:28
Entzun
Hans-Gert Poettering alemaniar demokristaua da gaurdanik Josep Borrell kataluniar sozialistaren ordezkoa Europako Legebiltzarreko presidente karguan. Europako Alderdi Popularra eta Europako Sozialistak taldeen arteko adostasunaren ondorioz hautatu dute Poettering presidente, bi taldeok 2004-2009 legealdian presidente kargua txandatzen joatea hitzartua dutelako. Bien artean Legebiltzarreko 784 eserlekuetatik 494 betetzen dituzte.

Gaurko bozketan -sekretupean- 450 boto eskuratu ditu Poetteringek. Erraz gailendu da. Izan ere, bigarrenak 145 boz lortu ditu: Monica Frassoni Berdeetako lehendakariak. Francis Wurtz Europako Ezker Unitarioko presidenteak 48 boz eta Jens-Peter Bonde Independentzia eta Demokraziako buruzagiak 46.

Poettering abokatua da eta 61 urte dauzka. 1979tik da Europako Legebiltzarreko kide eta 1999tik lehengo astera arte izan zen Europako Alderdi Popularraren presidente (Joseph Paul frantziarrak hartu zuen haren lekukoa). "Europaren batasunaren alde" lan egin nahi duela esan du Poetteringek. "Horretarako, hiritarrak irabazi beharko ditugu kontinentearen integrazioan parte har dezaten, bertako estatuen identitatea bermatuz".

Atzo utzi zuen kargua Borrellek, eta esan zuen Europako Batasunaren funtzioa oso garrantzitsua dela globalizazioaren aurrean. 2004tik izan da erakundeko presidente.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.