Polarizazio arriskutsua

Venezuelan gaur gertatu denak kate luzea ekarriko du. Inor gutxik espero zituen emaitzok gaur arte, baina gaur eguerdirako oposizioa  konturatu da bazituela esperantza izateko arrazoiak. Azken aste honetan irabazi ditu boto asko eta asko. Nicolas Madurok, berriz, galdu egin ditu, eta gaur egun osoan izan den giro tirabiratsua emaitzetan islatu da.

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2013ko apirilaren 15a
08:07
Entzun

Emaitzen zain, denbora eternoa izan da. CNE Hauteskundeen Batzorde Nazionalaren egoitzan luzatu egin da itxaronaldia. 21:00etarako eman behar zituzten emaitzak, baina bi ordu eta gehiago igaro direnean, galdezka hasi, eta CNEko ordezkariek eman duten arrazoi bakarra eskola batzuk beranduago itxi dituztela izan da. Denborak aurrera egin duen neurrian, ordea, zurrumurruak hasi dira batetik bestera. Rafael Venegas oposizioko ordezkariak BERRIAri esan dio irabazi egin dutela, emaitzak eman baino minutu gutxi batzuk lehenago, eta oposizioko beste iturri batzuek nazioarteko hedabideetan mezu hori zabaldu dute. Garailetzat jo dute leku askotan, oraindik datuak ofizialak ez zirela. Dibisay Lucena CNEko presidenteak argi hitz egin du: behin betikoak dira emaitzak, eta CNEk datuak ematen dituenean, benetakoak dira, ez dago akatserako tarterik. Bost dira CNEn, lau ofizialistak eta bat oposizioa. Laurak altxatu dira mahaitik, eta oposiziokoa bakarrik geratu da esateko horrelako emaitza batek berriz aztertzea merezi duela, eta kaxa guztiak eskuz kontatu behar direla.

Chavismoak irabazi du, eta ospatzera atera dira kalera, baina oraingoan ez dira Mirafloresen geratu. Chavezen panteoi ingurura joan dira. CNE ingurua, berriz, nazioarteko kazetariez josia, gotortuta egon da ia ordubete, militarrek zainduta. Taxirik ez da hurbildu, eta beldurra zabaldu da, baina segurtasun kontua besterik ez da izan. Ingurua lasai egon da, lasaitasun tentsoan.

Autobideetan motorzaleak atera dira garaipena ospatzera. Madurok zorionak eman dizko herriari, Chavez gogoratu du, eta gogoetaz ere jardun da. Madurok bukatzeko zain egon da Capriles, oposizioaren prentsa aretoan adierazpenak egiteko. Harentzat, prozesua hasi besterik ez da egin, eta emaitzek adorea eman diote borrokan jarraitzeko. Militarrek ere hitz egin dute, esanez, emaitzok ontzat jotzen dituztela, alegia, gobernuarekin daudela inork zalantzan baditu, eta lasaitasunerako deia egin dute, ez dadila liskarrik sor.

02:00ak dira Venezuelan —Euskal Herrian 08:30ak—, baina etxeetako telebistak piztuta daude. Sirena hotsak entzuten dira, motorzaleen klaxonak, eta gauak beldurra ematen du. Bi mundu kontrajarrik bat egiten dutelako leku berean, eta ez delako begitantzen elkar ulertzeko modurik. Polarizazioa izugarria da, eta gaur hori botoetan islatu da. Kalean nola gauzatuko den ikusi beharko da.

Egun luzea

Goizeko 07:30ean hitzordua. Oposizioko egoitzan sartzeko akreditazioa jasotzeko Chacaito metro geltokian hitzordua dauka BERRIAk Rafael Venegasekin. Vanguardia Popularreko ordezkaria da bera, MUD Batasun Demokratikoaren Mahaia osatzen duten hemeretzi alderdietako batekoa, ezkerretan ezkerrenetan jartzen dena. Eskuin muturrarekin bateko erabaki horrek beste kapitulu bat merezi du.

Datanalisis etxeak egindako inkesta bat dauka sakelekoan. Fidagarritzat jotzen dute, oro har, enpresa hori, oposizioarekin lerratzen bada ere, Chavezen aldeko emaitzak izan direnean aurreikusi izan dituelako. Igandean, oposizioak, Venezuelan kontzentrazio jendetsua egin zuenetik, irabaziz joan da lekua MUD. Atzo bertan, estatu guztietan, eta era guztietako herritarrekin egin du galdeketa. Bi puntu eskasekoa da aldea. Ondorioztatzen du, egunaren azken orduetan erabakiko dela garaipena, alde bakoitzak mobilizatzeko duen gaitasunaren arabera.
Chavistek beti izan dute mobilizatzeko gaitasun askoz handiagoa. Horregatik, oso ongi prestatu du oposizioak bere boto emaileei bozkatzera joateko emandako pauta. Goizean zaharrak joango dira, eta egunean zehar sektoreka joanarazi ditu gainerakoak, eta azkenak, ikasle antolatuak, chavismoak azken orduetan duen abalantxa neutralizatzeko.
Horregatik, ez da bozketa egun ohikoa izan. Masarik ez da apenas gertatu. Lehen orduetan eskola jendetsuenetan besterik ez. Hiru ordu itxaron dituzte horietan, baina salbuespena izan dira.

Arratsaldeko lauretan, Jorge Rodriguez Nicolas Maduroren kanpaina arduradunak telebistan hitz egin du. Boto guztiak direla beharrezkoak jakinarazi du, eta kanpainako herritarren komando guztiak mobilizatzera deitu ditu. Urduritasuna nabaria da, baina handik gutxira, hamar puntuko aldearekin jokatu dute.

Azkenera arte mantendu dute kopuru hori. Horregatik izan da handia nahasmena. Caprilesek berak Twitterren jakinarazi du garaipena, boto kopuruak jakin aurretik. Oposizioa Altamiran ospatzen aritu da garaipena.

Garaipen gazi-gozoa da inondik ere. Oposizioak ez baititu emaitzak onartu. Eskuz kontatzea eskatuko du, eta seguruenik aldaketarik egongo ez bada ere, oposizioak indarra hartzeko balioko du. Hau hasi besterik ez da egin, Caprilesek aurreikusi bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.