Ez diogu deusi beldurrik, ezta bertze Gerra Hotz bat hasteko aukerari ere». Dimitri Medvedev Errusiako presidenteak egin zituen adierazpen horiek, 2008ko abuztuaren 26an. Abkhaziaren eta Hego Osetiaren independentzia onartu berria zuen Errusiak orduan, Georgiaren aurkako gerra bukatu eta bi astetara. Borrokek astebete iraun zuten, baina XX. mendean mundua erdibitu zuen gatazkaren mamua berpiztu zuten. Mundu polarizatuak hondoa jo zuen 1991n, AEBen hegemoniari bidea irekiz. Georgiaren aurkako gerran, baina, Errusiak kolpe bat eman zuen mahai gainean, SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna desegitean galdutako eragin eremua aldarrikatuz. 1990eko hamarkadan erraldoia hondoratutzat jo zuten anitzek, baina itxuraldatzen baino ez zen ari.
Ronald Powaski historialariak SESB erori eta zazpi urtera aurreikusi zuen Gerra Hotza berpizteko arriskua, Gerra Hotza: Estatu Batuak eta Sobietar Batasuna, 1917-1991 lanean. Liburu horregatik hainbat kritika jaso zituen Powaskik —bertzeak bertze, AEBen ikuspegiarekin gehiegi lerratzea eta gatazka hura ulertzeko lehia nuklearrari gehiegizko garrantzia ematea kritikatu zioten—, baina idatzi zituen ondorioak aski adierazgarriak dira.
Errusia kapitalista bihurtu zenean, eta Mendebaldean bezala hauteskundeak egiten hasi zenean, Gerra Hotza bukatutzat jo zen. Ospetsu egin zen Francis Fukuyamak 1992an aldarrikatu zuen Historiaren amaiera. Fukuyamaren arabera, Mendebaldeko sistema izan zen irabazlea, eta haren unibertsalizazioak ordena bakarra ekarriko zuen, AEBek zuzendua. Powaskiren ondorioak, baina, ez zetozen bat Fukuyamarenekin. SESB deseginda Washingtonen eta Moskuren harremanak «nabarmen» hobetu zirela aitortu zuen Powaskik, baina «iraganeko tirabirek» egoera alda zezaketela uste zuen. AEBei aurre egiteko, komunismoaren ordezkoa ere identifikatu zuen historialariak: «Errusiako mugimendu nazionalista indartu egin da, ez soilik Boris Jeltsinen programa ekonomikoak eragindako etsipenagatik, baita Errusiak superpotentzia izateari utzi diolako ere». 1998an idatzi zuen Powaskik bere lana, Jeltsin berriz ere presidente hautatu eta bi urtera. Mendebaldeak Jeltsinengan zuen itxaropena Errusian «demokrazia» egonkortzeko, baina Powaski ezkor agertu zen. «Jeltsin erori, eta Errusian nazionalismo erasokorragoa ezarri, eta demokrazia eta kapitalismoa gutxituz gero, Gerra Hotza berpitz liteke».
Powaskik arrazoi
Hamahiru urte igaro dira Powaskik ondorio horiek argitaratu zituenetik, eta denborak arrazoi eman dio. Gatazka berpizteko motibo ideologikoa, nazionalismoa, ongi identifikatu zuen. Historialariak liburua argitaratu eta urtebetera hartu zuen boterea Vladimir Putinek. Txetxeniako bigarren gerran murgilarazi zuen herrialdea, nazionalismoa indartuz. Irailaren 11ko atentatuen harira, AEBekin harreman ona izan zuen Putinek, testuinguru horretan bi potentziek ezikusiarena egin baitzuten batak zein bertzeak egindako basakeriekin. Errusiak 1990eko hamarkadako egoerari buelta eman eta indarra berreskuratu zuenean, ordea, galdutako eragina berreskuratzeko xedea hartu zuen Putinek, bertzeak bertze, NATO mugetaraino hedatu zitzaiolako. Georgiak Hego Osetiari eginiko erasoa Errusiarentzat aitzakia bikaina izan zen AEBen aitzinean iraganeko harrotasuna erakusteko.
Powaskik, hala ere, ideia batean ez zuen asmatu, Gerra Hotzaren berpiztea kapitalismoaren murriztearekin lotu baitzuen, eta Putinen Errusiak erakutsi du merkatu askeari ez diola alergiarik. Bi sistemek polarizatutako Gerra Hotza sistema bakarraren barneko lehia bilakatu da.
Polarizaziotik lehiara
SESB desegin zenean, Gerra Hotza amaitutzat eman zen. XXI. mende hasieran, Errusian nazionalismoa indartu denean, berriz ere AEBei aurre egiteko gaitasuna lortu du Moskuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu