Frantzia

Polemika sortu du Frantzian prostituzioa ez zigortzearen aldeko manifestuak

'Ez ukitu nire puta. 343 zerriren manifestua' testua hainbat emakumek abortatzeko eskubidearen alde 1971n argitaratu zuten '343 puta' titulua baliatu dutela-eta kritikatu dute feministek eta sektore progresistetako ordezkariek.

2013ko azaroaren 1a
13:08
Entzun

Prostitutzen zerbitzuen erabiltzaileen kontra Frantziako Gobernuaren lege proiektuaren aurkako kritika da manifestua, eta gogoratzen du Simone de Beauvoirrek abortuaren alde idatzitako testua. Novel Observateur-en argitaratu zuten duela 42 urte Beauvoirrena, eta 343 emakumek abortatu zutela baieztatzen zuten idatzian, Frantzian artean legez kanpokoa zenean. Dokumentua historiara igaro da, Charlie Hebdo umoregileak egindako azalak lagunduta. Oraingo testuarekin, baina, sektore aurrerakoiek kritikatu egin dute; ez zaie gustatu feminismoaren borroka historikoari erreferentzia egitea, prostituta bat kontratatzen duen pertsona baten eskubideak defendatzeko —gizona gehienetan—. 1971ko "343 putek beren gorputza erabiltzeko eskubidea aldarrikatzen zuten; oraingoan 343 putek besteen gorputza erabiltzeko eskubidea aldarrikatzen dute", kritikatu du Najat Vallaud-Belkacem emakumeen eskubideen ministro eta gobernuko bozeramaileak.

Manifestua azaroan argitaratuko dute Causeur aldizkarian, baina gaia zeresan handia ematen ari da dagoeneko sare sozialetan. Besteak beste, Frederick Beigbederrek, Eric Zemmour kazetariak, Nicolas Bedos antzerkigileak eta Dominique Strauss-Khanen abokatuak sinatu dute. "Gutako batzuk putengana joan dira, eta joango dira, eta ez dira lotsatzen. Pentsatzen dugu edonork beren enkantuak saltzeko eskubide osoa duela, eta hori egitea gustatzea ere bai. Eta baztertzen dugu diputatuek gure desioen eta plazerren inguruan arauak ezartzea". Ondoren dioenez, "askatasuna gustatzen zaigu, literatura eta intimitatea. Eta estatua gure ipurdiez arduratzen denean, hirurak arriskuan daude".

Elisabeth Levy aldizkariko zuzendariak azaldutakoaren arabera, sinatzaileek ez dute prostituzioa defendatzen, "askatasuna" baizik, eta "legebiltzarra sexualitatea arautzen hasten denean guztion askatasuna arriskuan dago·".

Osez Le Feminisme! emakumeen giza eskubideak defendatzen dituen mugimenduko kideak gobernuaren lege proiektuaren alde agertu dira. "Abolizionismoa da egun prostituitzera daraman sistemaren kontra eta emakumeen salerosketaren kontra borrokatzeko politika bakarra". Eztabaidaren beste muturrean daude Nicolas Bedo antzerkigilearen usteak: "Prostituzioa ezeztatzea euria deuseztatzea bezala litzateke".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.