Zine El Abidine Ben Aliren 23 urteko agintaldiari amaiera eman zioten milaka tunisiarrek joan den urtarrilean, jatekoaren premia zutelako, eta eredu demokratiko eta laikoa nahi zutelako, berdintasunaren printzipioan oinarritutako gizartea, bide batez. Gazteek gidatu zituzten protestak, baina orain, herritarrek bozetan aukeratu duten Batzar Konstituziogilearen osaketan proposamen aurrerakoien isla uste baino txikiagoa gertatu da, eta Ennahda alderdi islamista da nagusi. Hark iraultzaren oinarriak errespetatuko dituela agindu du, elkarrizketarako eta adostasunerako ahalegina egingo duela, boto gehien lortu duten beste bi alderdiekin batez ere. Horiek laikoak dira, baina ahots kritikoenak kexu dira Tunisia berrian baztertuko dituztelako. Gaur hasi da marrazten Tunisiako mapa politikoa.
Ennahda alderdia islamista da,eta Ben Alirekin errepresio gogorra izan zuten, beste askok bezala; alderdiak, ordea, egitura sendoagoa du, beste hainbatek baino, eta gogor sartu da politikaren agertokira. Rashid Ganutxi alderdiko buruzagiak laikoak lasaitu nahi izan ditu bozen behin betiko emaitzak jakin bezain laster, eta baita emakumeak ere. Gutxi gorabehera zer egingo duen azaltzeko, Recep Tayyp Erdogan Turkiako lehen ministroaren gobernua jarri du eredu gisa. Erdoganen AKP alderdia eskuinekoa da, kontserbadore moderatua, «islamodemokrata» deitzen dio hark, Europako demokristauen antzekoa.
Ennahdaren izenean, Hamadi Jabalik, alderdiko bigarrenak, zentro eta ezkerreko alderdiak deitu ditu batasun nazionalerako gobernuaz hitz egitera. Jabaliren alderdiak ez du Batzar Konstituziogilea osatuko alderdien eta ordezkapena duten bozeramaileen kontsentsurik gabe: «Inolaz ere ez; ez dugu hainbat askatasun bermatuko ez dituen Konstituziorik onartuko, besteak beste, erlijio askatasuna, askatasun indibidualak, eta emakumearen egoera judiziala, hala nola hark gizartean izan behar duen lekua».
Etorkizuneko erregimen berriarentzat tresnak prestatzen lana izango du Konstituziogileak, gobernua eta legebiltzarra osatzeko hauteskundeetara deitu bitartean. Kontsentsu politiko eta sozial nahikoa lortu beharko du botere politikoaren, legegilearen eta judizialaren banaketa antolatzekoeta Konstituzioaren eredua finkatzeko. Igandeko hauteskundeak baino lehenagoko prozesuan ikuskera politikoen arteko ezadostasun konponezinak egon dira, eta erronka izango dute. Urtebete iraungo du prozesu horrek.
Gaur-gaurkoz, Tunisian ahots asko dira kritikoak egin den antolaketaren inguruan, baina prozesua balekoa izateko lehen helburuetako bat bete da: Batzar Konstituziogilea osatzeko bozetan parte hartze handia ziurtatu behar zen, eta hori lortu dute, botoa ematera deitutakoen %90ek eman dute-eta botoa. Gazteen eta txiroenen parte hartzea bultzatzea zen erronka, haiek izan baitira Ben Aliren gobernuarekin haserretuen zeudenak eta ondorengo behin-behinekoarekin kritikoenak izan direnak.
Baina botoa ematea gauza bat da eta haiek ordezkatzea beste bat, Batzar Konstituziogilean gehiengoen eta gutxiengoen ordezkaritza bermatu beharra ere erronka izan den arren, dena ikusteko baitago. Alderdi nagusienek gehiengo osoa ez izatea lortu dute aukeratutako sistemaren bidez, baina 80tik gora hautagai izateak ez du lagundu benetako gizartea islatzen batzarrean. Ezkerra da galtzaile nagusia.
Kexuak
Ordezkaritza txikia lortu duten hainbat alderdi ez daude konforme, eta kanpainan beteko ez dituen promesak egin izana leporatu diote Ennahdari, eurak izatearren etorkizuneko gobernuari itxura ematen nagusiak. Ben Aliren kontrako protestak pizteko arrazoietako bat herritar gehienek aurre egin ezin zuten bizi maila izan zen: lanik gabekoen kopuru izugarria eta etorkizun iluna gazteak nagusi diren gizarte batean. Ennahdak dozenaka milaka lanpostu iragarri ditu, eta beste hainbat taldek, berriz, Konstituzio berria idazteko baldintzak aipatu dituzte.
Dusturana (Gure Konstituzioa) taldearen kasua da hori. Ez du eserlekurik lortu, eta bera bezala talde asko daude. Dusturanako ordezkari Dalia Rajaren ustez, hemendik aurrera adi egon behar dute, baina dagoeneko bozetan bigarren eta hirugarren geratu diren alderdien mugimendua «okerra» dela uste du.«Ennahda babestea iraultzari traizio egitea da». CPR Kongresurako Errepublika eta Ettakatol alderdi laikoez ari da. CPRkoek Ennahdaren antzeko etorkizuna irudikatzen dute, adituen arabera; Ettakatol ezkertiarra da.
Txiroak eta gazteak
Bi mundu daude Tunisian: kostaldekoa eta barnealdekoa, baina Ben Aliren kontrako protestak hasi aurretik bakar baten irudia eman zuen buruzagiak: turismoa loratzen ari zen herrialdearena. Protestetan, ordea, atzerrian hedaturik zegoen ikuspegiaren atzeko mundua azaleratu zen, bigarrena: analfabetismo izugarria, bi milioi pertsona muturreko pobrezian eta urik eta argindarrik gabeko herriak.
Kostaldean, baliabideak dituzten herritarrak bizi dira oro har; barnealdean, lanik topatu ezinik dabiltzanak, etorkizunik gabeak, gazteak eta emakumeak gehienak. Herritarren %80 dira horiek, matxinadak hasi zituzten horiexek.
Hemendik aurrera Tunisian gobernatuko dutenek haien eskakizunak kontuan hartu beharko dituzte, haien arazoei erantzuna eman, aldaketa benetakoa nahi badute.
Tunisia. Hauteskundeen ondorena
Politika eredu baten bila
Ennahda boto gehien lortu duen alderdiak agindu du «elkarrizketa» bultzatuko duela matxinatuen eskaerak bidean gal ez daitezenEzkerra atera da galtzen hauteskundeetatik eratorri den Batzar Konstituziogilean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu