Ivanovicen hilketak gogor astindu du Kosovoko panorama politikoa. EB Europako Batasunaren bitartekaritzarekin, urtebete baino gehiagoren ondoren negoziazioei berriz ekitekoak ziren Pristina eta Belgrad, baina hilketaren berri jakin ondoren Serbiako Gobernuaren ordezkariak bileratik atera dira, berri agentziek jakinarazi dutenez. "Erasotzailea edozein dela ere, albaniarra, serbiarra edo bertze edozein kriminal, zigortu egin behar dute, justiziaren aitzinera eraman", adierazi du Marko Djuric Serbiako Gobernuaren Kosovorako arduradunak Bruselan. Aleksandar Vucic Serbiako presidenteak larrialdiko bilera batera deitu du Segurtasun Nazionaleko Kontseilua.
Kosovo iparraldeko Mitrovica hirian hil dute Ivanovic, iturri ofizialek jakinarazi dutenez. Auto batetik tirokatu dute, SDP Alderdi Sozial Demokrataren egoitzara zihoanean. Erasotzaileen inguruko hipotesirik ez dute eman.
2016an bederatzi urteko espetxe zigorra ezarri zion Eulex Kosovorako EBren misioko auzitegi batek, leporatuta 1999ko apirilaren 14an Mitrovica hiritik albaniarrak indarrez kanporatzen lagundu zuela, eta lau lagunen hilketak eragozteko ahaleginik ez zuela egin. Iaz, Helegite Auzitegiak bertan behera utzi zuen epaiketa prozesua, eta berriz epaitzeko agindua eman zuen. Iaz, Kosovoko Parlamenturako hauteskundeetan gogor kritikatu zuen Serbiako Gobernua. Serbiar etniako herritarrei gutxienez hamar diputatu finkoko kopuru bat dagokie, eta Ivanovicek Belgradi leporatu zion Serbiar Zerrendaren alde egitea —hamar diputatutatik bederatzi irabazi zituen—.
Une berezia
Une politiko berezian hil dute Ivanovic. Alde batetik, Bruselan berriz hastekoak ziren Pristinaren eta Belgraden arteko negoziazioak. Eztabaidagai nagusia dute Kosovon serbiarren udalerriek osatuko luketen kontseiluaren sorrera. Kontseilu horrek Kosovoko serbiarrentzat autonomia bat ezartzea du helburu, eta aitzineko negoziazio sortan hitzartu zuten hori sortzea. Hala ere, ez da indarrean paratu. Auzi horrez gain, justiziaren, telekomunikazioen, mugimendu askatasunaren eta energiaren arloko gaiak eztabaidagai dituzte.
EB Europako Batasuna da elkarrizketa horien bitartekaria. Serbia EBko kide izateko hautagaien artean dago, eta Kosovo, berriz, balizko hautagaien artean. Onartuak izateko, Bruselak hainbat exijentzia egin dizkie biei, eta horietako nagusia da bien artean bake akordio bat egitea.
Horrez gain, Kosovoko Parlamentua aste honetan aztertzekoa da 1999ko gerrako krimenak ikertzea helburu duen auzitegi bat bertan behera utzi ala ez. EBk hori ez egiteko ohartarazi zion joan den astean, eta erran zion halako erabaki batek "ondorio kaltegarriak" izanen dituela elkarren arteko harremanean. Kosovoko Parlamentuak 2015ean erabaki zuen auzitegi hori sortzea, albaniarren gerrillek 1998-1999an eginiko gerra krimenak ikertzeko. AEBek eta EBk presio egin zioten auzitegi hori sortzeko. Herbehereetan ezarri zuten, baina Kosovoko jurisdikziopean jarduten du.
2008tik independente
Serbiak 1999ko gerran galdu zuen Kosovoren kontrola, NATOk esku hartu eta albaniarren gerrilla independentistak gailendu ondoren. Kosovok 2008an aldarrikatu zuen independentzia. Serbiak ez zuen onartu, ezta EBko bortz kidek ere, eta ofizialki Serbiaren zatitzat dute oraindik.
Kosovoko 1,8 milioi biztanleetatik 120.000 inguru serbiarrak dira —albaniarrak %90 inguru dira—. Horietako 72.000 inguru iparraldeko Mitrovican bizi dira, Ivanovic hil duten hirian —85.000 biztanle inguru ditu Mitrovicac—.