«Dmitri Pavliutxenkovek identifikatu gabeko pertsona baten agindua jaso zuen, eta Anna Politkovskaiaren hilketa antolatzea onartu zuen, diru kopuru baten truke». Hala jakinarazi zuen atzo Vladimir Markinek, Errusiako ikerketa batzordearen bozeramaileak. Ikerketaren arabera, Pavliutxenkov teniente koronel ohiak «Majmudov anaiak kide ziren talde kriminala osatu zuen» Politkovskaia hiltzeko. Karguan zegoen bitartean kazetariaren eguneroko mugimenduak kontrolatzeko agindu zien hiru anaiei; horrez gain, hilketa burutzeko arma erosi zuela gaineratu du ikerketak.
Ikerketa batzordeak atzo jakinarazi zuenez, joan den astearte gauean atxilotu zuten Pavliutxenkov, batzordeak egindako galdeketa baten ondoren. Orain, ikerketapeko atxiloaldian dago. Argitaratutako azken datuen ondotik, Anna Stavizkaia Politkovskaiaren familiako abokatua itxaropentsu da: «Inflexio puntu baten aurrean gaude, eta hilketan parte hartu zuten guztiak Justiziaren aurrera eramaten dituztela ziurtatuko dugu». Stavizkaiaren arabera, «aspalditik» susmatzen zuten Pavliutxenkov tartean egon zitekeela.
Lekuko izatetik, espetxera
2008an izan zen kasuaren lehen epaiketa, eta orduan lekuko gisa deklaratu zuen Pavliutxenkovek. Batzordeak ikerketak jaso duenez, ordea, teniente koronelak «ikerketa bide okerretik eramatea zuen xede, bere burua informazio iturri baliagarri gisa aurkeztuz».
Prozesu hartako akusatuak froga faltagatik absolbitu zituen herri epaimahai batek. Tartean ziren Rustam, Dzhabrail eta Ibragim Majmudov anaiak. RustamPolitkovskayaren hilketaren susmagarritzat zuten, eta haren bi anaiei konplize izatea leporatu zieten.Horiekin batera, Sergei Jadjikurbanov polizia ohia eta Pavel Riaguzov Errusiako zerbitzu sekretuetako kidea eseri ziren akusatuen aulkian. Errusiako Justizia Auzitegiak baliogabetu egin zuen 2009ko epaia, eta epaiketa berri bat egitera deitu zituen. Rustam Majmudovek, ordea, ihes egin zuen. Joan den maiatzean Txetxenian atxilotu zuten.
2006ko urriaren 7an hil zuten Politkovskaia, Moskun. Txetxenian izandako giza eskubideen urraketak ikertzen zituen, eta Novaia Gazeta egunkarian argitaratzen zituen. Hil zutenean Txetxeniako tortura sistematikoen gaineko artikulua prestatzen ari zen.
Politkovskaiaren hilketaren ustezko antolatzailea atxilotu dute Errusian
Dmitri Pavliutxenkov teniente koronel ohiari kazetaria hiltzeko agindua eman zioten, ikerketa baten arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu