Errefuxiatuen krisia

Polizia eta armada bidaliko ditu Hungariak Serbiako mugara

"Lehenik Polizia bidaliko dugu, eta, irailaren 15etik aurrera, armada", zehaztu du Viktor Orban lehen ministroak. Europako Batasuneko estatuek hitzartu dute babes beharrean daudenei aterpe ematea eta giza trafikatzaileen aurkako neurriak hartzea.

Ehunka errefuxiatuk oinez zeharkatu dute Hungaria eta Serbia arteko muga. ROLAND SCHLANGER / EFE
2015eko irailaren 5a
13:01
Entzun

Neurria oraindik Parlamentuak onartu behar duen arren, ez dirudi atzera bueltarik izango duenik. Beraz, Viktor Orban lehen ministroak iragarri bezala, datorren astean Poliziak zainduko du Hungaria eta Serbia arteko muga, eta Legebiltzarraren onespena jasotakoan, armada gehituko zaio hari.

Gobernuburuak lehendik ere argi utzi izan du ez dituela iheslariak nahi, eta berdin egin du oraingoan ere, ohartaraziz, guztiak hartuz gero bertakoak "gutxiengo" bilakatuko direla: "Ez dira 150.000 kuotetan banatu nahi dituzten etorkinak; ez eta 500.000 Bruselan entzun dudan moduan; milioika dira, eta gero dozenaka milioi, etorkinen fluxua amaiezina delako".

Akordioa

Hungariak mugak ixten dituen bitartean, Bruselan errefuxiatuak hartzeko hitzarmena adostu dute. Haren arabera, estatu kideak errefuxiatuei babesa eman eta giza trafikatzaileen aurkako neurriak hartzera konprometitu dira. Bide batez, Europako Batasunak aurreratu du asilo eskaerak onartzeko baldintzak bateratuko dituela.

"Testuinguru tragiko baten aurrean gaude. Hau ez da larrialdi egoera bat, hau luzerako da", nabarmendu du Europako Atzerri gaietarako arduradun Federica Mogherinik, eta gogorarazi du errefuxiatuek Europa dutela helburu eta ez estatu kide bat, "nahiz eta horretaz ohartzeko hilabete batzuk behar izan ditugun".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.