Polizia eta kurduen arteko borrokak areagotu eta beste herrietara zabaldu dira

Diyarbakir hiriburura auto blindatuak eraman ditu Turkiako Armadak

Erredakzioa
2006ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Turkiako Armadak auto blindatuak eraman ditu aurreneko aldiz azken hamabost urtetan Diyarbakirrera. Hiriburuan iragan asteartean piztu ziren borrokak beste herri batzuetara zabaldu dira azken orduetan. Poliziak hiru kurdu hil ditu azken egunotako protestetan eta horrek gatazka areagotu du. Batman herrian atzorako deituta zegoen manifestazioa debekatu zuen Poliziak. Hainbat informazio iturriren arabera, bi mila kurdu baino gehiago bildu ziren gerora bertan behera gelditu zen manifestazioan. Diyarbakirren, berriz, berrehun pertsona atxilotu zituzten. Hirugarren egunez jarraian polizia eta kurduen arteko borrokak izan ziren hiriburuan. Poliziek bi gazte hil zituzten ostegunean bi gazte hil eta beste berrogei pertsona zauritu. Protestetan beste hogeita hamasei polizia zauritu ziren.

Baglarren (Turkia), berriz, hogeita bi urteko gaztea hil zuten. Protesta batean parte hartzen ari zen. Siirt eta Adana (Turkia) herrian ere protestak izan ziren.PKK Kurdistango Langileen Alderdiko ustezko hamalau gerrillari hil zituen iragan larunbatean Turkiak. Asteartean bost gerrillarien aldeko hileta elizkizunak egin ziren Diyarbakirren. Orotara hamar mila kurdu bildu ziren ekitaldian. Ondoren polizia eta kurduen arteko protestak abiatu ziren. Erakundearen kontrako azken urteotako erasoaldi gogorrena abiatu zuen aurreko ostegunean Ankarak. Bingol eskualdera milaka soldadu eraman zituzten. Helikoptero eta hegazkinen laguntza izan zuten erasoaldia egiteko. Solhan herrian hil zituzten gerrillariak, ustez, armak entregatzeari uko egin ondoren.Abdulkadir Aksu Barne ministroaren arabera, lurraldearen batasuna amaitzea da gerrillarien asmoa.

Dendak eta eskolak, itxiak

Diyarbakirren dendak eta eskolak itxita daude eta, kaleetan, dozenaka polizia. Osman Baydemir alkate kurduak lasaitasunerako deia egin zuen herenegun. Diyarbakirreko Herri Ekimena erakundeak, alta, protestak beste herri batzuetara zabaltzeko deia egin zuen ohar baten bidez.

PKK erakundeak 1984. urtean hartu zituen armak kurduen autodeterminazioa eskubidea aldarrikatzeko Turkiaren menpeko eremuan hamabi milioi kurdu bizi dira. Taldeak 1999. urtean utzi zuen bertan behera borroka armatua. Abdula Ocalan buruzagia atxilotu egin zuten urte horretan. 2003. urtean borroka armatuari ekin zioten berriz. Urte hauetan 37.000 pertsona baino gehiago hil dira gatazkaren eraginez. Matxinoen webgunean erasoak areagotzeko deia egin diete egunotan gerrillari kurduei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.