Poliziak gazte bat hil du Ingalaterran, deskarga elektrikoko pistola batekin

Istiluen harira, mila pertsona epaitu dituzte gutxienez; epaiak gehiegizkoak izan direla salatu du oposizioak

2011ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Astebete igaro da Erresuma Batuko protestak amaitu zirenetik, eta Polizia susmagarriak atxilotzen ari da oraindik —2.600 baino gehiago dira jada—. Epaitegiak, berriz, gau eta egun ari dira lanean, eta, dagoeneko, mila pertsona baino gehiago epaitu dituzte. Tim Gowdin Scotland Yardeko poliziaburuak goraipatu egin du «poliziek frogak aurkitzeko egin duten lan handia» eta «herritarrek informazioa emateko garaian izan duten erantzun zoragarria». Hala, ikertzen jarraituko dutela baieztatu du, aurreko asteko «indarkeria lotsagarriaren» erantzuleak aurkitzeko.

Atzo, berriz, Poliziak 20 urteko gazte bat hil zuen Ingalaterra iparraldeko Cumbria konderrian. Hango Poliziaren bozeramailearen arabera, dei bat jaso zuten Barrow hirian gazte bat liskarrak sortzen ari zela esanez. Hala, hara joan eta pertsona bat atxilotu zuten, susmagarritzat jota; deskarga elektrikoak ematen dituen pistola bat erabili zuten gaztea atxilo hartzeko. «Gaizki sentitzen hasi zen, eta ospitalera eraman zuten», azaldu du Poliziaren bozeramaileak. Ospitalean hil zen.

Neurriz kanpoko epaiak

Azken egunetan jakinarazi diren epaiek zeresan handia eman dute Erresuma Batuan, neurriz kanpokoak direla uste baitute askok. Andrew Gilbart epailearen arabera, «azken liskarretako oldarraldi kriminalek era bakartuan egiten diren lege hausteek baino zigor handiagoak merezi dituzte».

Asteartean bertan, lau urteko espetxe zigorra ezarri zieten bi gazteri, sare sozialen bidez jendea istiluetan parte hartzera bultzatu zutelakoan. Gazte horietako batek Txiki ezazue Northwich auzoa izeneko orria sortu zuen Facebooken, eta besteak, berriz, Presta dezagun matxinada bat izenekoa.

Istiluetan sare sozialek izan duten garrantzia nabarmentzen du epai horrek. Polizia inoiz baino arreta handiagoa jartzen ari da sarean; epaile batek goraipatu ere egin du susmagarriak bilatzeko sare sozialetan ikerketak egin izana. Horren adierazle, 20 urteko gazte bat atxilotu egin dute BlackBerry bidez ur gerra antolatu zuelako; datorren hilabetean epaituko dute.

Beste gizon bati, berriz, sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote ur botila batzuk lapurtzeagatik —lau euro inguruko balioa zuten—, eta praka pare bat lapurtu izana aitortu zuen emakume batek bost hilabete igaro beharko ditu espetxean.

Hainbat parlamentarik gaitzetsi egin dituzte epai «gogor» horiek. David Cameron lehen ministroak, ordea, oniritzia eman die; «auzitegiak sententzia gogorrak ezartzea erabaki du, mezu indartsua helarazteko, eta oso ondo iruditzen zait hori egin ahal izatea». Cameronen iritziz, epai hauek baliagarriak izango dira Erresuma Batuko gazteek halakorik berriro ez egiteko.

Gizartearen gehiengoa, dena den, ez dator bat Cameronekin. Roger Smith Justice erakundeko bozeramaileak esandakoaren arabera, epaiak erabat «neurriz kanpokoak» dira, eta «luzera arazoak eragingo dituzte». Smithen hitzetan, Erresuma Batuak ezin du epaien gogortasuna hainbeste igo, etorkizunean ere gerta litezkeelako halako liskarrak edo handiagoak.

Tom Bake diputatua ere aurka agertu da; «auzipetutako batzuek delitu oso txikiak egin dituzte, eta liskarrak hasi baino egun bat lehenago egin izan balituzte, oso epai desberdina jasoko zuketen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.