Frantziako Poliziak gezurtatu egin du atzoko ustezko tirokatzailea atxilotu dutenik. Le Parisien kazetak eman du atxiloketaren berri, baina Poliziak zehaztu du nahastu egin direla. Liberation egunkariak azaldu duenez, Poliziak tirokatzailearen antza zuen gizon bat identifikatu du Frantziako hiriburuko VII. barrutian, eta polizia etxera eraman dute. Poliziak gero jakin du, ordea, ez zela hori atzoko erasotzailea, gizon horrek frogatu baitu medikuarenean zegoela atzo.
Gizonezko batek argazkilari bat zauritu zuen ehizako eskopeta batekin Liberation-en, eta Societe Generaleren kontra ere tiro egin zuen. Harrezkero haren bila da Polizia. Iragan ostiralean BFM telebistan armatuta sartu zen pertsona bera dela uste du Poliziak. Gorpuzkera handiko kaskamotz bat da erasotzailea. Atzo argazkilari bat larri zauritu, eta Paris erdialdean izua eragin zuen. Poliziak Paris mendebaldean erasotzailea atzemateko operatibo handi bat jarri zuen atzo martxan, helikoptero baten laguntzarekin, eta segurtasuna handitu egin du komunikabideen egoitzetan.