"Gogor lan egin dugu Grenfell dorrean zenbat lagun zeuden jakiteko, baina oraintxe ezin dugu seguru esan. Badakigu 58 lagun bazeudela, eta orain falta direla. Beraz, tristuraz, baina hilda daudela onartu behar dugu". Londresko Poliziaren bozeramaile Stuart Cundyk esan du hori, egunero ematen duen prentsaurrekoan. Gainera, hildakoak gehiago izan daitezkeela jakinarazi du.
500 bat lagun bizi ziren eraikinean. Ezbeharraz geroztik, zalantzan jartzen ari dira eraikinaren segurtasun neurriak. Cundyk atzo esan duenez, "ezerk ez du pentsarazten sua nahita piztu zenik". Hainbat adituren ustez, sua hain azkar barreiatu izanaren arrazoia izan daiteke eraikinari 2015ean ezarritako estalkia, polietilenozkoa baitzen.
Gaur arrisku bizia ikusi dute eraikina goitik behera erortzeko, eta, horregatik, itxi egin dituzte inguruetako kaleak eta metroaren Latimer Road geltokia.