Poliziak Mendebaldeko Saharako Dakhla hiria hartu du

Lasaitasuna berreskuratu dela diote agintariek, baina sahararrek salbuespen neurriak salatu dituzte

Erredakzioa
2011ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Marokoko Poliziak eta armadak Mendebaldeko Saharako Dakhla hiria kontrolpean dute, gobernu zibilaren eta Marokoko hedabideen arabera. Poliziaren presentzia bereziki nabarmena da sahararrak gehiengoa diren eremuetan eta Al Uakala auzoan —marokoarrak dira gehiengoa hor—. Mendebaldeko Saharako erakundeek, ordea, salatu dute estatuko indarrek salbuespen neurriak ezarri dituztela eta atxilotutako hainbat gazteren berririk ez dutela. Iragan igandetik asteartera bitartean izan ziren istiluetan, gutxienez zazpi lagun hil ziren Dakhlan, eta erasoak eta kalte materialak ugariak izan dira, batez ere kolono marokoarrek sahararren aurka egindakoak.

Dakhlako Torturaren Aurkako Batzordeko presidente Elmami Amar Salemek salatu du armadak eta Poliziak etxeratze agindua soilik sahararrei ezarri dietela. «Auzo sahararretan kolono marokoarrak normal ibili daitezke, baina haien auzoetan bizi diren sahararrek ihes egin behar izan dute, eta etxeak arpilatu dizkiete». Salemen arabera, poliziek adierazi diete kolonoei zein etxetan sartu. Estatuko indarren presentzia itogarria dela salatu du. Hiriko sarrera guztiak hartu dituztela dio, eta han geldiarazitako sahararrak «torturatu eta jo» egin dituztela. Agintarien arabera, zortzi lagun atxilotu dituzte guztira, baina Salemek dio gutxienez 40 gazte saharar atxilotu dituztela.

«Separatistak» eta Aljeria

Marokoko MAP agentzia ofizialak, berriz, ohar bat argitaratu zuen atzo, Rabatek emandako bertsioa berretsiz. Istiluak futbol partida baten zale sahararren eta marokoarren artean sortu ziren igandean, baina azkar hedatu ziren Dakhla osora. MAPek dio kirol etsaitasun soila egon zela liskarren jatorrian, «separatisten makinariak eta horien babesle den estatuak» gertakari larritzat agerrarazi nahi izan zituztenak. Fronte Polisarioari eta Aljeriari leporatu die, beraz, erantzukizuna. Nazio Batuen Erakundeko Minurso misioak gertakariak ikertuko dituela erran du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.