Cho Seung Hui 23 urteko ikasle hego-korearra litzateke Poliziaren arabera, atzo 32 ikaskide eta unibertsitateko langile hil eta ondoren bere buruaz beste egin zuen erasotzailea. Hala ziurtatu du Wendell Flinchum tiroketak gertatu diren Virginiako Unibertsitate Teknikoko (AEB) poliziaburuak.
Tiroketetako lehena ikasleen egoitza batean gertatu zen, eta bi lagun hil zituen. Bigarrena, Norris Hall ikastegiko ikasgeletan. Han, 32 lagun hil zituen erasotzaileak bere buruaz beste egin aurretik.
Dena den, zenbait iturrik azpimarratu dute oraindik puntu beltz asko daudela, eta horietan nabarmenena, erasotzailea bakarra izan den edo beste norbaiten laguntza izan duen. Iturri horiek iradoki dute bi izan daitezkeela erasotzaileak, eta batek unibertsitate egoitzako hilketak egin zituela eta besteak ikasgeletakoak. Poliziak oraingoz baztertu egin du hipotesi hori, eta bi tiroketen egilea Cho Seung Hui izan zela ziurtatu.
Virginiako Unibertsitateko ikasleak haserre daude ikastegiak arazoa kudeatzeko izan duen moduarekin. Ikasleen ustez ez dute behar besteko segurtasun neurririk hartu, eta oso motel ibili dira gertatzen ari zena kudeatzen eta horren berri ematen.
Ez da AEBetako eskolaren batean halako zerbait geertatzen den lehendabiziko aldia, eta aurrekoetan bezala, oraingoan ere arma salmenta librearen inguruko eztabaida piztu du. Izan ere, AEBetako estatu gehienetan oso erraza armak erostea, eta Konstituzioan aitortzen den eskubideetako bat da. Hainbat adituren eta arma salmenta librearen kontrako mugimenduen arabera, praktika eta ohitura horrek atzokoaren antzeko sarraskiak gertatzea errazten du.
Sarraskia Virginiako Unibertsitatean
Poliziaren arabera, 23 urteko ikasle bat izan da erasotzailea
Cho Seung Hui gizonezko hego-korearra litzateke. Poliziaren ustez, berak bakarrik hil zituen 32 ikaskide eta unibertsitateko langile, eta, ondoren, bere buruaz beste egin. Beste iturri batzuek beste norbaiten laguntza izan zuela iradoki dute. Sarraskiak arma salmentari buruzko eztabaida suspertu da AEBetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu