Protestak

Poliziaren indarkeria salatu dute Baionan

Steve Maia Caniçoren gorpua atzeman zuten asteartean, Naonedeko Loira ibaian. Poliziaren indarkeriaren kontrako ahotsak zabaldu dira Frantzian.

Herritarren protesta, Baionako Herriko Etxearen aitzinean. BERRIA
Oihana Teyseyre Koskarat.
2019ko uztailaren 31
09:25
Entzun

24 urteko gizon bat ekainaren 21ean desagertu zen. Musikaren bestaren karietara, kontzertuak egin zituzten Naoneden, Bretainian. Kaitik hurbil, tekno musika kontzertu baten harira bilduak zirenen aurka oldartu zen Polizia. Hamalau pertsonak jauzi egin zuten ibaira, eta suhiltzaileek atera zituzten berehala. Ordutik, baina, Steve Maia Caniço desagerturik egon da. Garraio publikoko itsasontzi batek aurkitu zuen haren gorpua, asteartean, ibaian.

Frantziako Estatuan, hilabete batez Où est Steve? (Non dago Steve?) kanpaina egin dute hainbat mugimenduk eta lagunek, gizonaren desagertzea Poliziari egotziz, haien arabera Poliziaren oldarraldiaren ondorioz erori baitzen uretara. Sare sozialetan ere Poliziaren bortizkeriaren aurkako ahotsak zabaldu dira.

Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak eta Christophe Castaner Frantziako Barne ministroak agerraldia egin zuten asteartean. Philippek erran duenez, IGPN Polizia Nazionalaren Ikuskaritza Nagusiaren txostenaren arabera, "Poliziaren esku hartzeak ez du zerikusirik Steve Maia Caniçoren heriotzarekin". Adierazpen horrek ere haserrea eragin du sare sozialetan: #CastanerDemission (Castaner, kargua utz) traola izan da zabalduenetako bat.

Eta haserre hori karrikaratzeko, protestak antolatu dituzte asteazken honetarako, Frantzian, Bretainian, Okzitanian... Euskal Herrira ere iritsi da Polizia indarkeriaren aurkako salaketa. Asteazken honetan, 20:00etan, elkarretaratzea egin dute Baionako Herriko Etxearen aitzinean. Dozenaka herritar bildu dira, polizia indarkeriaren aurkako txartelekin eta poliziek eragindako zaurituen argazkiekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.