Kabul hiriburutik gertu izan dira erasoak. Iturri ofizialek zabaldu dutenez, Polizia konboi bateko lehen autobusa igarotzen ari zen unean zartarazi dute lehen bonba, eta larrialdi zerbitzuak zaurituen bila gerturatu direnean lehertu da bigarrena. Erasoek gutxienez 30 hildako eta 50 zauritu baino gehiago eragin dituzte, ia gehienak Poliziako kideak.
Talibanek beren gain hartu dituzte erasoak. Ez da lehen aldia Afganistango segurtasun indarren aurka egiten dutena. Buruzagi berria izendatu zutenetik, atentatu horiek gogortu egin dira. Ekainaren 19an, esaterako, Kabulen bertan, Nepalgo segurtasun indarretako hamalau kide hil zituzten, haien autobusaren aurkako eraso suizidan.
Ashraf Ghani presidenteak gogor gaitzetsi ditu erasoak: "Musulmanak Ramadaneko otoitzekin lanpetuta dauden bitartean, talibanek jende errugabea hiltzen dute, eta beldurra zabaltzen".