Herritarrei Poliziari larunbateko atentatua egin zutenak harrapatzen laguntzeko eskatu die gaur Sinn Feineko presidente Gerry Adamsek. Massereeneko base militarrean bi soldadu britainiar hil eta beste lau lagun (bi soldadu eta bi zibil) zauritu zituen erasoa berriz kritikatu du, baina aldi berean salatu egin du PSNI Ipar Irlandako Poliziak, talde errepublikano txikiei aurre egiteko, zerbitzu sekretu eta armada britainiarraren esku-sartzea eskatu izana. Benetako IRAk, IRA Probisionala-ren zatiketa batek, atzo gauean hartu zuen bere gain erasoa.
Larunbatean Belfastetik 25 kilometro iparraldera Benetako IRAk eginiko atentatuari “bake prozesuaren kontrako eraso” iritzi dio Adamsek. “Zerbait okerra izan zen, kontrako eragina duena. Nire pentsamenduak eraildako bi gizonen eta zauritutakoen senideekin daude”, adierazi dio BBC 4 irratiari.
“Honen guziaren logikak zera eskatzen du: zerikusia izan zutenak atzemateko lanetan Polizia lagun dezagun”. Hala, errepublikano eta nazionalistei, pistarik edo zantzurik badute, Poliziaren lana erraztea galdegin die Sinn Feineko buruak.
Adamsek garrantzia eman dio Sinn Feinek polizia indar nahiz militarrei laguntzea duen balio sinbolikoari, “historian aurrekaririk ez duelako, errepublikanoek, nazionalistek eta demokratek ez baitute armada britainiarra Irlandan nahi izan”. “Baina horrek ez du [larunbatean] gertatutakoa justifikatzen”, azaldu du. 1998ko Ostiral Santuko Akordioaren ondotik eta negoziazio luze eta polemikoen ondotik, handik ia hamar urtera, 2007an, hartu zuen Sinn Feinek Ipar Irlandako Polizia Batzordean (Polizia egiturak erreformatzeko batzordea) parte hartzeko erabakia.
Halere, Adamsek ez du batere ondo ikusten PSNI Poliziak berriki hartu duen erabakia, hots, talde errepublikano txikiei aurre egiteko MI5 zerbitzu sekretu eta armada britainiarraren esku-sartzea eskatzea. “Hori hanka sartze izugarria da, zeren eta iraganean unitate horiek beraiek eragin zuten asteburuan hildakoen senideek jasaten duten sufrimendu bera”.
Erasoaren ondoren haren alderdiko bigarren buru eta Ipar Irlandako lehen ministrorde Martin McGuinnessek esan zuen inork ez lukeela deus esan edo egin beharko Irlanda iparraldea gatazkaren aro gordinera itzultzeko. "Gatazkan IRA sostengatu nuen nik; neroni IRAko kidea izan nintzen, baina gerra hura bukatu zen. Orain larunbateko atentatuaren erantzuleak argi adierazten ari dira gerra hura berriz hastea nahi dutela".
Urtetan, RIRA sortu askoz baino lehenagotik okupazio britainiarraen kontra gogor ekiten aritu zen IRA Irlandar Armada Errepublikanoa. Hau 1913an sortu zen, eta britainiarrak Irlandako 32 konderrietatik 26tik kanporatzea lortu zuen borroka eta gerren ondorioz, 1922an. Alabaina, orduko buruzagi errepublikano batzuek eta Londresek 1922an sinatutako akordioak ez zituen okupazioa eta gatazka bukatu, eta IRAren zati batek borrokan jarraitu zuen. 1969an zatiketa handia pairatu zuen IRAk, eta OIRA (IRA ofiziala) eta PIRA (IRA probisionala) sortu ziren. Lehenbiziko taldea 1980ko hamarkada bukaeran desagertu zen, eta PIRAk 2005ean eman zuen bere borroka armatua amaitutzat. Bi erakunde horietatik, halere, hainbat talde sortu ziren 1970eko hamarkadatik; INLA Irlandaren Nazio Askapenerako Armada (egun su-etenean), IPLO Irlandako Herria Askatzeko Erakundea (desagertua), CIRA Jarraikortasun IRA, RIRA...
"Bake prozesuak aurrera egingo du"
Sunday Tribune egunkariak -Dublinen du egoitza- atzo zioen Benetako IRAren izenean dei bat jaso zuela, eta honek zioela atentatua berak egin zuela. Kazetaren arabera, deia egin zuenak erakunde armatuaren hitz gako bat erabili zuen. Taldeko kideak esan zuen Londresko gobernuak bere armadaren bidez Irlanda iparraldea okupatuta duen bitartean atentatuak egiten segituko duela.
Londresen egoitza duen The Times egunkariaren arabera, litekeena da joan den ostiralean agintariek eginiko iragarpen batek atentatua lehenago egitera bultzatu izana. Izan ere, iragarri zutenez, SRR armadako Zelata Berezirako Erregimendua berriz itzultzen ari zen Irlanda iparraldera, talde errepublikano txikien ekinbidea zelatatzera. SAS eliteko unitate berezia ez bezala -hiltzera tiro egiteko politikan errepublikano eta zibil batzuen hiltzailea- SRR soilik zelata lanetan aritu izan da Irlanda iparraldeko kaleetan, baina eraso armaturik egin gabe.
Benetako IRA IRAtik 1997ko urrian bereizitako taldea da, eta 1998ko abuztuaren 15ean atentatu handia egin zuen Omagh hirian (Tir Eoghan konderria, Irlanda iparraldea): 29 lagun hil zituen bonba-autoa leherrarazita, eta 300 baino gehiago zauritu.
Joan den asteburuko atentatuari dagokionez, Londresko eta Dublingo gobernuek eta alderdiek gaitzetsi egin dute, eta bake prozesuak aurrera segituko duela ziurtatu dute -Gordon Brown Erresuma Batuko lehen ministroak eta Sinn Feinek barne-.
Base militarrean zegoen Ingeniarien 38. Erregimenduko gainerako soldaduak Afganistanera bidali dituzte orain.
Irlanda
Poliziari larunbateko atentatuaren egileak atzematen laguntzeko eskatu die herritarrei Adamsek
Sinn Feineko buruak erasoa kritikatu, eta aldi berean okertzat jo du Poliziak talde errepublikano txikiei aurre egiteko zerbitzu sekretu eta armada britainiarraren esku-sartzea eskatu izana. Belfastetik 25 kilometrora egin zuen erasoa Benetako IRAk, eta "okupazio indarrei" aurre egiten segituko duela adierazi du. Londres eta Dublingo gobernuek eta alderdiek bake prozesuak aurrera segituko duela ziurtatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu