Mundua

Poloniak dolua adierazten jarraitzen du

Milaka lagun batu dira bart Varsovian lehendakaritza jauregiaren atarian, Kaczynski lehendakari zenaren gorpua han baitago. EB Europako Batasuneko estatuek ere dolu eguna izendatu dute gaurkoa. Larunbatean Poloniako presidentea eta beste 95 lagun hil ziren hegazkin istripuz Errusian.

2010eko apirilaren 12a
23:09
Entzun
Atzo iritsi zen Lech Kaczynski Poloniako presidentearen gorpua Varsoviara, larunbatean Smolensken (Errusia) hegazkin istripuz hil ondoren. Varsoviako aireportua eta lehendakaritza jauregiaren artean dauden 10 kilometroak milaka eta milaka herritarren txalo eta dolu adierazpenen artean egin zituen.

Izan ere, samin handia erakutsiz hartu dute poloniarrek Kaczynskiren eta harekin batera hegazkinean zihoazen 95 lagunen heriotza -Poloniako agintaritza erakundeetako buruzagiak ziren haietako asko-. Bart goizaldera arte jendetza handia egon da batuta lehendakaritza jauregiaren atarian, kandelak eta loreak eskuan zituztela, asko otoitzean, dolua adierazten. Era berean, Kaczynskiren aldeko meza ugari egin ziren atzo hango eta hemengo elizetan. Gaur lehendakaritza jauregiko ateak irekiko dituzte eta presidente zenari azken agurra bertatik bertara emateko aukera izango dute herritarrek.

Nazioarteko adituen arabera, Kaczynski eskuindarraren aldekoen eta kontrakoen jarrerak elkarregana hurbiltzeko balio izan du ezbeharrak, eta alde horretatik, onerako eragina izan dezake Poloniako gizartean. Nolanahi ere, Konstituzioak hala aginduta ekainaren 20 baino lehen egin behar dituzte presidente berria aukeratzeko bozak; bitartean, Bronislaw Komorowski liberala, Parlamentuko lehendakaria, izango da jarduneko presidente.

Bestalde, samin adierazpenek Poloniako mugak gainditu dituzte eta dolu eguna izendatu dute gaurkoa hainbat lekutan, besteak beste, Europako Batasuneko estatuetan. Hori dela eta, EBko banderak masta erdira jarriko dira, eta bilera guztien aurretik bi minutuko isilunea egingo da. Europa Ekialdeko hainbat estatutan ere dolua izendatu dute, hala nola, Errusian, Ukrainan eta Lituanian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.