Polonia

Poloniako Auzitegi Konstituzionalak ebatzi du Poloniako legedia Europakoaren gainetik dagoela

Bi aldeen artean desadostasuna dagoen kasuetan Poloniako legediak lehentasuna duela dio auzitegiak. Varsoviak 2019an onartutako justizia erreforman du jatorria auziak.

Polizia Poloniako Auzitegi Gorenaren aurrean, iragan apirilean. TOMASZ GZELL / EFE
Julen Aperribai.
2021eko uztailaren 13a
12:57
Entzun

Poloniako legediak dioenak lehentasuna du Europak dioenaren aurrean, bi aldeen artean gatazkaren bat dagoen kasuetan. Hala ebatzi du Poloniako Auzitegi Konstituzionalak, Mateusz Morawieck lehen ministroak horren inguruan bere iritzia emateko eskatu eta gero. Egitasmo hori bertan behera uzteko eskatu zion Didier Reynders Europako Justizia komisarioak Varsoviari.

Azkenaldian ohikoak izan dira Bruselaren eta Varsoviaren arteko desadostasunak hainbat gairen inguruan, eta Poloniako auzitegiek emandako hainbat ebazpen atzera bota izan dituzte Europako auzitegiek.

Martxoan, Europako Batzordeak auzitara eraman zuen Polonia, «independentzia judiziala ez errespetatzeagatik», eta kautelazko neurriak agintzeko eskatu zion Europako Justizia Auzitegiari, auziaren inguruan erabaki bitartean. Poloniako Gobernuak 2019an onartutako justizia erreformagatik egin zuen, batez ere. Europako Batasuneko estatuetako gobernuak sistema judiziala erreformatzeko gai direla aitortu arren, erreforma horiek EBren hitzarmenak errespetatu behar dituztela adierazi zuen orduan Reyndersek, eta salatu zuen Polonian egindakoak ez zituela betetzen.

Batzordeak ohartarazpena egin, eta denbora eman zion Poloniako Gobernuari 2019ko erabakia bertan behera uzteko, baina hark ez zuen egin, eta argudiatu zuen erreforma «bateragarria» dela talde komunitarioaren legeekin.

Sistema judizialaren moldaketa iragan urteko otsailean sartu zen indarrean, eta, besteak beste, Poloniako epaileei eragotzi egiten die zuzenbideari buruzko auziak Europako Justizia Auzitegira eramatea. Horrez gain, batzorde bat osatu zuten Auzitegi Goreneko epaileen independentziaz ebazteko, EBren legeak kontuan hartu gabe: eskumena du horiek behin-behinean kargutik kentzeko, soldata murrizteko edota immunitatea kentzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.