Polonia

Poloniako Gobernuak atzeratu egingo ditu igandeko presidentetzarako bozak

Agintean dagoen PiS alderdia ados jarri da indar aliatuekin, baina oraingoz ez du zehaztu noiz izango diren bozak. Hori bai, posta bidez izango dira, gobernuak nahi bezala.

Jaroslaw Kaczynski agintean dagon PiS alderdiko buruzagia, eserita, artxiboko irudi batean. EFE
2020ko maiatzaren 7a
10:37
Entzun

Oposizioaren kritiken, aliatuen zalantzen eta boikoterako deien artean, Poloniako Gobernuak igandean egitekoak ziren presidentetzarako hauteskundeak atzeratzea erabaki du; atzo gauean eman zuen albistearen berri, Akordioa alderdi politikoarekin ados jarri ostean —elkarrekin aurkeztu ziren iragan urteko parlamenturako bozetara—.

Hiru egun barru hauteskundeak egiteko asmoak kritika asko eragin zituen herrialdean, osasun larrialdi bete-betean egingo baitziren. Hori ikusita, agintean dagoen PiS Legea eta Justizia alderdiak posta bidez bozkatzea proposatu zuen, era horretan botoa ematea «segurua» izango delakoan, eta Sejmak (behe ganberak) hori onartu zion; herenegun, ordea, Senatuak ezezkoa eman zion, eta, azken hitza behe ganberako diputatuek zuten arren, Akordioa alderdikoek zalantza handiak zituzten horren inguruan.

Horiek horrela, PiS eta Akordioa Auzitegi Gorenaren zain daude, horrek bozak bertan behera utzi eta berehala jakinaraziko baitute hauteskundeen egun berria. Oraingoan, Sejmaren baiezkoa lortzeko, lege proiektua zuzentzea erabaki dute bi indar politiko horiek: bozak antolatzeaz Hauteskunde Batzorde Nazionala arduratuko litzateke, eta ez posta zerbitzua. Halere, gaurko bozketan diputatuek baiezkoa eman diote hauteskundeak posta bidez egiteari.

Jaroslaw Gowin Akordioa alderdiaren buruzagiaren arabera, adostasunari esker «egonkortasuna» dago herrialdean, eta gobernuak «arreta jarri ahalko du herritarren bizitza eta osasuna babestean». PiSek, halere, ahalik eta azkarren egin nahi ditu bozak, bere hautagai eta egungo presidente Andrzej Duda baita faboritoa inkestetan: lehen itzulian irabaziko luke, botoen %59 bilduta.

Oposizioko Koalizio Zibikoak, beste hainbat alderdi politikok bezala, nahi du gobernuak larrialdi egoera ezartzea osasun krisiarengatik, horrek presidentetzarako bozak hiru hilabete atzeratzea eragingo bailuke —ezin da hauteskundeetara deitu egoera horretan—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.