Sorterrira itzuli da Munduko Gizarte Foroa. Porto Alegren (Brasil) bildu ziren duela bost urte globalizazioari aurre egiteko asmo irmoa duten mundu osoko herritarrak. Davosen (Suitza) enpresa gizonek sortu zuten Munduko Ekonomia Foroaren harira sortu zen ekimena; haren filosofia neoliberala eta ikuspuntu hegemonikoaren kontrako erantzun gisa. Davos egun gizarte foroaren itzala dela iritzi diote askok: 'Porto Alegreko espiritua'-ren itzal luzea.
Beste mundu bat posible da lelopean mundu osoko 130.000 pertsona espero dituzte gaur hasi eta astelehena bitartean Porto Alegren. Ehun herrialdetako ordezkariak izango dira ekimenean. Manifestazio batekin emango diote hasiera aurtengo hitzorduari. Bost kontinenteetako ordezkariak izango dira martxaren aurreneko ilaran: Asia, Amerika, Afrika, Europa eta Ozeania ordezkatuko dituzte. Glenio Peres kalean abiatuko da ibilbidea eta Borges de Medeiros eta Ipiranga etorbideak gurutzatu ondoren Por do Sol anfiteatroan amaituko da. Bertan mundu osoko parte hartzaileek opariak utziko dituzte: liburuak, banderak eta harriak. Askotariko herrien kultura eta koloreak islatu nahi dituzte ekitaldi horretan. Ondoren musika emanaldi luzea hasiko da. Manu Chao abeslariak jarriko dio amaiera kontzertuari. Foroa beste martxa batekin amaituko da astelehenean.
Hitzaldiak, tailerrak, eztabaidak, mahai inguruak etengabeak izango dira egunean zehar. Tartean aisialdirako lekua izango da: musika, erakusketak, dantza emanaldiak, zirkoa, antzerkia, poesia errezitaldiak... Hamaika dira aurtengo eztabaidagaiak: borroka sozialak, alternatiba demokratikoak, bakea, ekonomia, komunikazioa, herrien aniztasuna, giza eskubideak, duintasuna... Ideiak plazaratzeko, hausnarketarako, proposamenak mahai gaineratzeko, esperientziak partekatzeko eta giza mugimenduak elkar ezagutzeko espazioa da foroa. Sistema neoliberalarenak ez diren politika alternatiboak bilatzea da helburua eta horretarako gizarteko talde eta herritar guztien ordezkaritzak espero dira mota guztietako ekarpenak jasotzeko: gobernuz kanpoko erakundeak, sindikatuak, alderdiak, indigenak, giza eragileak... Soziologo, teologo, ekologista, idazle eta politikoek ere bat egingo dute ekimenean. Jose Saramago eta Eduardo Galeano idazleak, Leonardo Boff teologoa, Fritjof Capra fisiko eta ekologista, Boaventura de Souza Santos eta Emir Sader soziologoa izango dira, besteak beste, hizlariak. Brasilgo presidente Luiz Inazio Lula da Silva eta Hugo Chavez Venezuelakoa ere izango dira.Foroa demokratizatzeko helburuarekin, bertan parte hartuko duten erakundeek aukeratu dute egitaraua. Giza eskubideen inguruko gaiak, ildo horretan, inoiz baino presentzia nabariagoa izango du.
Bost urteko ibilbidea
2001. urtean egin zuten munduko lehenengo gizarte foroa, Porto Alegren. Orduan 20.000 pertsona bildu ziren foroan. Azken bost urteetan gora egin du parte hartzaileen kopuruak. Indian, iaz, 75.000 inguru izan ziren bildutako pertsonak.
Porto Alegre, dena den, ez da duela bost urteko bera izango. Altermondialistek hiri ezberdin bat aurkituko dute. Munduko Gizarte Foroaren egoitza aldatu egin da. Hori, dena den, ez da aldaketa bakarra. Lula da Silvaren PT Langileen Alderdia jada ez dago udal agintean. Azken hauteskundeetan eskuinak eskuratu zuen alkatetza eta, ildo horretan, harrera hotzagoa izango dute ekintzaileek. Brasilgo talde kontserbadoreek ekintza paraleloak iragarri dituzte, manifestazioak tartean. Altermondialismo kontzeptuaren atzean «muturreko» ekintzaileak ezkutatzen direla salatu dute taldeok. Azken egunotan foroaren kontrako hainbat iritzi artikulu argitaratu dira bertako prentsan. Washingtongo zerbitzu sekretuen esku-hartzea salatu dute, bestetik, hainbat erakundek; talde independente gisa parte hartzen ari diren hainbat erakunde finantzatu dituztela adierazi dute.
Munduko Gizarte Foroa
Porto Alegren dira berriro mundu osoko milaka eta milaka altermondialista
Beste mundu bat posible da lelopean mundu osoko 130.000 pertsona espero dituzte gaur hasi eta astelehena bitartean Porto Alegren. Ehun herrialdetako ordezkariak izango dira ekimenean, bost kontinenteetako ordezkariak. Hitzaldiak, tailerrak, eztabaidak, mahai inguruak etengabeak izango dira egunean zehar. Tartean aisialdirako lekua izango da: musika, erakusketak, dantza emanaldiak, zirkoa, antzerkia, poesia errezitaldiak...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu