Migratzaileak

Portu bila dabil 'Open Arms' ontzia, 124 migratzaile erreskatatu ostean

Atzo 55 migratzaile erreskatatu ondoren, beste 69 erreskatatu ditu bart Open Arms ontziak. Orain, portu seguru batean lehorreratzeko baimenaren zain dago. Espainiako Gobernuak ontziaren jarduera mugatzea galdegin du.

'Open Arms' ontzia Bartzelonako portutik irteten, apirilean. QUIQUE GACIA / EFE
Nagore Arin.
2019ko abuztuaren 2a
10:13
Entzun

Bart gauean izan da erreskatea. OpenArms GKE Gobernuz Kanpoko Erakundearen ontziak 69 migratzaile erreskatatu ditu Mediterraneoan. Gauerdian eginiko salbamendu horiek atzo eginiko beste batzuen atzetik etorri dira. Atzo, beste 55 migratzaile erreskatatu zituen ontziak. Horrenbestez, gutxienez 124 dira ontzian dauden migratzaileak, porturatzeko leku seguru baten bila.

Oscar Camps erakundearen fundatzaileak sare sozialen bitartez azaldu duenez, "Libian sufritutako indarkeriaren zantzu nabariak" dituzte migratzaileek. Bart erreskatatu dituzten 69 horien artean, haurdun dauden bi emakume eta bi haur daude. Haurdun dagoen emakume horietako bat, gainera, erditu aurreko uzkurdurekin dagoela jakinarazi du erakundeak, jada bederatzi hilabeteak konplituta. Atzo erreskatatu zituzten 55 migratzaileen artean ere bi haur daude: bederatzi hilabete dituzte eta bikiak dira.

Portu seguru batean lehorreratzeko baimen baten zain dago ontzia. Baimen horren esperoan, Matteo Salvini Italiako Barne ministroak galarazi egin du OpenArms ontzia Italian lehorreratzea. Halaber, lurraldeko uretan zehar nabigatzea ere ukatu dio 124 migratzaile daramatzan ontziari. Ezaguna da Salvinik migratzaileak daramatzaten GKEen ontzien aurka duen jarrera. Hain justu, hura izan da erreskateak zigortzeko legea ezarri duena. Italian baimenik gabe lehorreratzea, nabigatzea edota galkatzea erabakitzen duten erreskate ontziek 10.000 ea 50.000 euro arteko isunak jaso ditzakete. Kasurako, Salvinik gogorarazi du Sea Watch 3 ontziaren antzera, erreskate lanetan dabiltzan GKEek ondorio legalei egin beharko dietela aurre baimenik gabe porturatuz gero.

Era berean, Espainiako Gobernuak galarazi egin dio OpenArms ontziari arriskuan dauden migratzaile gehiagoren bila jarraitzea. Hala, ontziaren jarduera mugatzea galdegin du. Gainera, gogora ekarri du uztailaren 4ean Merkataritzako Ontzidiak erakundeari egin zion jakinarazpena: 900.000 euroko isunari aurre egin beharko dio aurrez aipatutako neurria apurtuko balu. Isabel Zelaa Espainiako Gobernuko jarduneko bozeramaileak adierazi duenez, Gobernuak espero du Open Arms nazioarteko legeak eta lege nazionalak errespetatzen ariko dela.

Mehatxuen aurrean, babesa

Lehorreratzeko baimena lortzeko bidean, askotariko erreakzioak eragin ditu 124 migratzaile daramatzan ontziak non porturatu ez edukitzeak. Babesa alde batetik, mehatxuak bestetik. CEAR Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordeak, esaterako, babestu egin du Open Arms ontziaren jarduna: erreskatatutako migratzaileak hartu ditzan eskatu dio Espainiako Gobernuari. Batzordeak esan duenez, Aquarius ontziaren espiritua berreskuratu eta migratzaileak hartu beharko lituzke Espainiak.

Hori egin ezean, Libiara itzuli beharko lukete migratzaile horiek, eta CEARen arabera, ekidin beharreko zerbait litzateke hori; izan ere, "euren bizitzak arrisku bizian jartzen dituen gerra bat bizitzen ari dira bertan". Halaber, Espainiako Gobernuaren jarrera salatu dute, alde batera begiratzeari uzteko beharra azpimarratuz: "Aurrera pauso bat eman behar da, are gehiago Espainiako bandera daraman ontzi bat izanik eta Europar Batasuneko zortzi estaturen artean adostutako akordio batetik bereizi ondoren".

Aldi baterako neurri bati egiten dio erreferentzia akordio horrek: ontzien lehorreratze segurua eta migratzaileen ondorengo kokapena ahalbidetzen dituen akordioa da. Frantzia, Alemania, Portugal, Luxenburgo, Finlandia, Lituania, Kroazia eta Irlanda dira akordioarekin bat egin zuten estatuak. CEARen arabera, urte honetan Espainiak ez ditu bete migratzaileak lehorreratzea baimendu eta ondoren horiek birkokatzeko akordioak. Ondorioz, migratzaileek ziurgabetasunez beteriko egun luzeak igaro behar dituzte itsasoan, leku seguru batean lehorreratzeko baimenaren esperoan.

Sea Watch 3, aurrekaria

Ez da Open Arms migratzaileak erreskatatu eta lehorreratzeko portu seguru baten bila noraezean ibili den itsasontzi bakarra. Eginahal berberak egin dituzte Alex, AlanKurdi eta SeaWatch3 erreskate ontziek. Oihartzun handia izan zuen azken horren kasuak: Lampedusan porturatu zen 40 migratzaile zeramatzan Sea Watch 3 ontzia, eta Carola Rackete kapitaina atxilotu egin zuen Italiak, ontzia lehorreratzeko baimenik ez, eta "jarrera kriminala" egotzita.

Guztira, 40 migratzaile zihoazen ontzian, Racketeren esanetan, geroz eta okerrago fisikoki eta mentalki. Egoera jasangaitza zen, eta bi migratzaile ebakuatu behar izan zituzten, osasun arazoak zirela medio. Egoeraren larritasunaren aurrean, Italiako agintariek ez zioten argibiderik eman Racketeri, eta lurraldeko edozein portutara iristea debekatu zien. Aginduari jaramonik egin ez, eta Lampedusan porturatu zuen ontzia Racketek, bi aste pasa Mediterraneoan noraezean ibili ondoren. Lehorreratu eta berehala, ordea, atxilotu egin zuen Italiako Mugetako Poliziak.

Gerraontzi baten kontrako erresistentzia eta hondoratze saiakera egotzi zizkioten: hiru eta hamar urte arteko kartzela zigorra. Halaber, "pertsona trafikoa" sustatzea ere leporatu zioten. Italiako justiziak, ordea, ez zuen deliturik antzeman Carola Rackete kapitainaren erabakietan. Hala, bertan behera utzi zuten haren aurkako atxilotze agindua, argudiatuta "bere egitekoa" egin zuela migratzaileak erreskatatu eta Lampedusan porturatu zutenean, baimenik jaso ez arren. Gertakari horren ondorioz, migratzaileen aldeko laguntza humanitarioaren sinbolo bilakatu da Rackete.

Erreskateak bertan behera uzteko aginduen aurrean ez makurtze horrek, beste erakunde batzuen jarduna berrabiarazi du. Mugarik Gabeko Medikuak eta SOS Mediterraneoa erakundeek, esaterako, berriz ekingo diote migratzaileak erreskatatzeko jardunari, zazpi hilabetez portuan geldi egon ostean. Italia eta Maltak euren portuak itxi ondoren utzi zioten erakunde askok migratzaileak erreskatatzeari, orain, ordea, berriz ere hastea erabaki dute, "Europar Batasunaren gelditasuna eta Libiako egoera larria" direla eta.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.