MUNDUA

Portugalek ere barkamena eskatu dio Evo Moralesi

Uztailaren 2an Boliviako presidentearen hegazkinari bere airegunea zeharkatzeko baimena ukatu zion Portugalek, Snowden bertan zihoalakoan.

2013ko uztailaren 19a
17:37
Entzun

Paulo Portas Portugalgo Atzerri ministroak adierazi duenez, telefonoz hitz egin du David Choquehuancarekin, Boliviako Atzerri ministroarekin, eta hegazkinaren aferarengatik barkamena eskatu dio. Uztailaren 2an Evo Morales presidentearen hegazkinari euren airegunea zeharkatzea ukatu zioten herrialdeetako bat izan zen Portugal, eta horrek Mercosur osatzen duten herrialdeen eta Europako Batasunaren arteko harremana tenkatu zuen.

Portugalek "arrazoi teknikoak" jarri zituen aitzakiatzat, Moralesen hegazkinari Portugal zeharkatzen ez uzteko, baina Boliviako Gobernuak argi du Portugalek eta Europako beste herrialde batzuek (Italiak eta Frantziak) baimen hori ukatu izana Snowden hegazki horretan zihoan zurrumurruagatik izan zela. Espainiak ere hasieran ezezkoa eman zion Moralesen hegazkinari, baina hegazkina ikuskatu nahi izan zuen —baita egin ere—, Snowden bertan ez zihoala ziurtatzeko. Hamahiru ordu eman zituen Moralesek Vienan, baimena nork emango zain. Han Edward Snowdenen arrastorik ez zegoela ikusita, Kanariar Irletara joan eta geldialdi teknikoa egitea baimendu zion Espainiak Moralesen hegazkinari.

Moskutik La Pazera bidaiatzen ari zen Morales, eta bidaiaren aurretik hitzartuak zituen hainbat geldialdi Europako zenbait herrialderekin: hegaldi betean eta azken momentuan ukatu zioten aurrez hitzartutako baimena.

Merkelek ere, ezetz

Fernando Valenzuela Europako Batasuneko (EB) Errusiaren enbaxadoreak adierazi zuenez, EBk ez du gaiarekiko jarrera jakin bat: batasuneko kide den herrialde bakoitzak bere gain du Snowdeni babes politikoa eman edo ez erabakitzeko eskumena. Izatez, Europako hainbat herrialdek eman diote ezezkoa Snowdeni, hain zuzen, euren legeen arabera herrialdean bertan egon behar duelako babes politikoaren eskatzaileak eskaera egiten duen momentuan.

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak ere ez dio babesik emango Snowdeni. Azaldu duenez, Barne ministroak eta Atzerri Ministerioak bilera egin zuten kasuak eztanda egin zuenean, eta "hasieratik" ondorioztatu zuten ez zirela betetzen beharrezko "legezko baldintzak" Snowden Alemanian hartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.