PPko koordinatzaile nagusi Fernando Martinez-Maillok ziurtatu duenez, Espainiako Gobernuak orain arteko bidetik jarraituko du Konstituzioaren defentsan, eta "arduratsu, legez eta zentzudun" jokatuko duela gaineratu du. Carles Puigdemont Kataluniako presidenteari galdegin dio "legez jardun" dezala, "bestela, elkarrizketa ez baita posible izango".
Erreferenduma "iruzurra" izan da, PPko koordinatzailearen iritziz, eta gezurtatu egin du polizien indarkeriak 800 zauritu baino gehiago eragin izana. "Lau dira ospitalean daudenak", adierazi du. Horrez gain, gaitzetsi egin du Kataluiako Gobernuak zauritutako 33 poliziez ezer ez esan izana. Mailloren esanetan, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak "demokrazia, legea eta konstituzioa babestu" zituzten, baita espainiar "guztien eskubideak" ere.
PPk bere jarrerarekiko babesa bilatu du oposizioko PSOE eta Ciudadanos alderdietan, eta bi alderdi horietako buruekin bildu da gaur arratsaldean, Mariano Rajoy Espainiako presidentea, Madrilen.
Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak galdegin dio Generalitatearekin negoziazioa "berehala" abiatu dezala. Estatuan lurraldetasunaren auzia konpontzeko akordioa bilatzera dei egin dio Sanchezek, eta lan horretarako Unidos Podemos ez baztertzeko eskatu dio.
Kataluniako parlamentuak independentzia aldarrikatzeko aukera mahai gainean dela egin dute bilera PPko era PSOEko buruek. Kataluniak independentzia aldarrikatuko balu, PSOEk ez luke egoki ikusiko Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua ezartzea —Kataluniako autonomia etengo lukeena—. Aldiz, Auzitegi Konstituzionalera jotzea proposatuko luke, aldarrikapen horren arduradunak kargugabetzeko.
Bestelakoa da Albert Rivera Ciudadanoseko buruaren iritzia. Riverak Kataluniako autonomia bertan behera uzteko eskatu dio Rajoyri, "demokraziaren kontrako kolpe honen gatibu izateari uzteko". Ciudadanoseko buruak azaldu duenez, "proposamen argia eta zehatza da, eta guztietan demokratikoena".
Hauteskunde autonomikoak deitzea eskatu du, kataluniarrei "ahotsa itzultzeko", "lasaitasunez" erabaki dezaten.