Espainiako hiriguneetan ere suma liteke aldaketarako nahia, urteetan agindu izan duten bi alderdien txandakatzetik at. Autonomia erkidego gehienetan PPk jaso du boto gehien, baina hiriburu nagusi ugarik ihes egin diote eskuetatik, eta PSOE ere ez da oposizioko alternatiba sendo gisa agertu; aitzitik, tokian tokiko herri hautagaitzek hartu dute plaza. Espainiako bi alderdi tradizionalek, batuta, ozta-ozta bildu dituzte boto guztien erdiak.
Madrilgo Udalean, lehia estua izan dute azken unera arte Esperanza Aguirreren PPk eta Manuela Carmenaren Ahora Madrid koalizioak —Podemos, Ganemos, Equo eta IUren sektore batek osatzen dute hura—. Botoen %95,46 zenbatuta, PPk 21 zinegotzi lortu ditu, duela lau urte baino hamar gutxiago. Bi punturen aldea baino ez dio atera Ahora Madrid koalizioari; hura bigarren geratu da, hogei zinegotzirekin. PSOEk sei galdu ditu, eta bederatzirekin gelditu da; Ciudadanos zazpirekin sartu da udalean, eta Izquierda Unida kanpo geratu da. Konstelazio horretan, beraz, zentro-ezkerreko koalizio batek aurrea hartuko lioke eskuinari.
Valentziako Udalean ere aldaketa esanguratsua gertatu da. Han 1991tik agindu du PPko Rita Barberak; azken urteotan, gehiengo osoarekin. Botoen %94,8 zenbatuta, ordea, erdiak galtzear egon zitekeela iradokitzen zuten atzo emaitzek: proiekzioen arabera, berak jaso du boto gehien, baina hamar zinegotzi baino ez ditu lortuko. PSOEk ere behera egin du, eta, aldiz, Compromis ezkerreko koalizioa atera da indartuta: bederatzi zinegotzi lortu ditu, eta PSOErekin (bost) eta Valencia en Comurekin (hiru) aliantza aski sendoa osatuko luke eskuina udal gobernutik kanporatzeko. Kasu horretan, PPri Ciudadanosen sei zinegotziak ere ez litzaizkioke aski alkatetzari eusteko.
Andaluziako hiriburuetan ere beherakada itzela izan du PPk. Cadizen eta Almerian, esaterako, ez du gehiengorik lortu, nahiz eta lehenbizikoan hogei urtez egon den agintean. Sevillan ere hogei zinegotzitik ia erdiak galdu ditu, eta PSOEk hartu dio aurrea.
Parlamentu nagusiak
Udaletan ez ezik, estatuko erkidego gehienetako parlamentuetan ere egin dituzte hauteskundeak, eta haietan nabarmena izan da alderdi berrien eragina. Madrilgoan zein Valentziako Gorteetan PPk irabazi du, baina oso urrun geratu da duela lau urte lortutako gehiengo handietatik. Valentzian zeuzkan 55tik 29 diputatu baino ez zaizkio geratu; PSOEri, 33tik 23; eta, aldiz, alderdi tradizional handiek utzitako espazioa bete dute Compromisek (sei zinegotzitik hogeira igota) eta bi alderdi berriek: Ciudadanos (hamalau) eta Podemos (hamahiru).
Madrilgo Erkidegoan ere gehixeago orekatu da indarren banaketa. Botoen %53 zenbatuta, PPk 46 diputatu lortu ditu, PSOEk 39, Podemosek 28 eta Ciudadanosek hamasei. UPD ez da parlamentuan sartu.
Emaitzak argitara atera aurretik ere aldaketa iragartzeko irrikitan zegoen Podemoseko zuzendaritza. «Zer gerta ere, biko jolasa amaitu da», adierazi zuen Iñigo Errejon alderdiko bigarrenak: «Gaurtik aurrera, paisaia politikoa mugitu egin da».