Ciudadanosek sei baldintza jarri zizkion Mariano Rajoy Espainiako jarduneko presidente eta PPko hautagaiari inbestidura saioan baietza emateko, eta azken astean behin eta berriz adierazi du horiek negoziaezinak direla. PPko zuzendaritzak bilkura bat egin du proposamen horren inguruan jarrera argitzeko, baina, Rajoyk berak egindako prentsa agerraldian, ez ditu zalantzak argitu. Ez du baldintza horien inguruan hitz egin; PPko zuzendaritzak Albert Rivera Ciudadanoseko presidentearekin negoziatzeko baimena eman diola besterik ez du esan.
Ustelkeriaren aurkako neurriak, PPren finantzaketaren inguruko ikerketa batzorde bat abiatzea parlamentuan, hauteskunde legea moldatzea, presidente batek agintean eman ditzakeen legealdiak bitara mugatzea eta inbestidura saiorako eguna zehaztea. Baldintza horiek onartu ezean, Rivera ez dago prest Rajoyrekin negoziazio mahaian esertzeko, baina Rajoyk entzungor egin dio. "PPk ez du bilkurara deitu baldintzei buruz hitz egiteko. Ciudadanosekin negoziatzeko baimena eman dit alderdiak", esan du Rajoyk bilkura osteko prentsa agerraldian. PPko hainbat kide nabarmenek aste honetan esan dute onargarriak direla Ciudadanosek jarritako marra gorriak, "ñabardura batzuekin". Ustelkeria kasuetan nahasita dauden PPko zuzendaritzako hainbat kidek ez dute parte hartu bilkuran; Rita Barbera Valentziako alkate ohiak, kasurako.
Riverarekin biltzeko asmoa agertu du Rajoyk, negoziazio horiek hasteko asmoz. Baina, batez ere, PSOE izan du present jarduneko presidenteak bere hitzaldian. Izan ere, Ciudadanosen baietza lortuta ere, eta Koalizio Kanariarra konbentzituta ere, PPko buruak ez luke nahikoa babes presidente izendatua izateko; aldeko 170 boto lituzke, eta kontrako 180. Horregatik, Pedro Sanchez PSOEko buruarekin bildu nahi du, haren diputatuek izango baitute azken hitza. Orain arte, Sanchezek ez du negoziatu nahi izan Rajoyrekin, eta ez da agertu abstenitzeko prest, nahiz eta alderdi sozialistako hainbat buruzagik aukera hori babestu duten. Rajoyk, ordea, Sanchezen azken erabakia jakin nahi du inbestidura saiorako eguna ezarri aurretik.