'Gurtel auzia'

PPk helegitea jarriko dio 'Gurtel auziko' epaiari

Alderdi popularra ez dago ebazpenarekin ados, eta ziurtatu du ez zuela zigortutako gertakarien berri.

2018ko maiatzaren 24a
16:08
Entzun

PPk Gurtel auziko ustelkeria sarearekin dirua irabazi zuela egiaztatu dute epaileek. Zehazki, Madrilgo Majadahonda eta Pozuelo de Alarcon herrietako alkateen bitartez. Auzitegi Nazionalaren arabera, "Estatuaren interesen kaltetan legez kanpo aberastu" zen alderdia, eta ustelkeria sareak onura ekonomikoa ekarri ziola dio epaiak. PPk, ordea, ez dator bat ebazpenarekin eta epaiari helegitea aurkeztuko diola aurreratu du.

Alderdiak ziurtatu du ez duela inoiz zigortu diren gertakarien berri izan, eta nabarmendu du kondenatuak izan direnak jada ez direla PPko kideak. "Egungo zuzendaritzako edo iraganeko zuzendaritzetako kide bat bera ere ez da inputatua izan auzi honetan eta haietako batzuk lekuko gisa joan ziren epaiketara. Horrek frogatzen du epaitu diren gertakarietan ardurarik ez zutela izan".

Horrez gain, PPk gogora ekarri du ez dela auzian inputatuta edo auzipetuta egon. Ustelkeria sareko onuradun izateagatik auzitegiak egotzi dion ardura zibilari dagokionez, PPk adierazi du ez zuela zigortu diren gertakarien berri. Nabarmendu duenez, epaitu direnak Madrilgo Majadahonda eta Pozuelo de Alarcon herrietara mugatutako gertakariak dira; "bi udalerri madrildar, Espainian dauden 8.000 udaletxe baino gehiagoren artean". Alderdiak argudiatu du PPren estatu mailako agintaritzak ez dituela ezagutu "hautagai batek titulu pertsonalean kontabilitatez kanpo egiten dituen gastuak".

Auzitegi Nazionalaren epaiak jasotzen du, gutxienez 1989tik eta 2008ra, Espainiako Gobernuan dagoen alderdiak B kutxa bat zuela legez kanpoko komisioetatik jasotzen zuen dirua zenbatzeko eta kudeatzeko. Epaiak hitzez hitz dio urte horien artean finantza eta kontabilitate egitura paralelo bat zuela PPk, eta ustelkeria sarearen ekarpenek osatu zutela.

Epaileek ohartarazten dute B kutxaren eta finantzaketa eta kontabilitate paraleloari buruzko datu horiek epaitzen ari diren gertakarien testuingurua azaltzeko jaso dituztela, B kutxa horri dagozkion salaketak (Barcenasen paperei dagozkienak) beste adar bati dagokion prozeduran epaituko direlako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.