Espainia

PPk iragarri du Genova kaleko egoitza utziko duela

Casadok azaldu du alderdiak ez lukeela egon behar ikerketapean dagoen egoitza batean. Genovako egoitzan egindako berritze lanak diru beltzarekin ordaindu ote zituzten epaitzen ari dira Auzitegi Nazionalean.

PPren Genova kaleko egoitza, gaur goizean. FERNANDO ALVARADO, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko otsailaren 16a
15:45
Entzun

«Iraganarekin hausteko asmoz» utziko du PP Alderdi Popularrak Madrilgo Genova kaleko egoitza. Hala azaldu du Pablo Casado alderdiko buruak. Espainiako Auzitegi Nazionalean egiten ari diren epaiketarekiko loturak eten nahi ditu alderdiak; izan ere, horri egozten diote Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetan lortutako emaitza txarra —lau diputatu zituen, eta hiru izango ditu orain—. Casadoren esanetan, PPk ez luke egon behar ikerketapean dagoen egoitza batean.

Auzitegi Nazionalean epaitzen ari dira alderdiak diru beltzarekin ordaindu ote zituen egoitza berritzeko lanak. Luis Barcenas, PPko diruzain izandakoa, haren ostean karguan egon zen Cristobal Paez eta berritze lanak egin zituen bulegoko kideak daude akusatuen aulkian. Barcenasen abokatuek, gainera, lekuko gisa eraman nahi dituzte deklaratzera PPrekin Espainiako presidente izandako bi buruzagi: Jose Maria Aznar eta Mariano Rajoy.

Badira ia hiru hamarkada PPk egoitza nagusia Genvova kalean duela. 1983an hartu zuen lehen aldiz, alokatuta, oraindik Aliantza Popularra zenean, eta 2006tik jabetzan dute. Bulegoei lotutako ustelkeria kasuaz galdetuta, Casadok iragarri du alderdiak ez duela azalpen gehiagorik emango PPri kalte egin dioten «iraganeko auzi pertsonalen» inguruan.

PPko buruak sozialistei egotzi die epaiketa baliatu izana Kataluniako hauteskundeetan euren aurkako kanpaina egiteko, eta berretsi du gertatutakoa gertatuta ere «zentro-eskuinean» jarraituko duela alderdiak. Bide beretik, iragarri du datorren udazkenean egingo dutela alderdiaren batzar nagusia.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.