Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Elkarrizketa. Carles Campuzano. Democracia i Llibertaten hautagaia Kongresurako

«PPk uko egin dio katalanak ordezkatzeari»

Kataluniako prozesuaren une funtsezkoan heldu dira abenduaren 20ko bozak. Subiranistak negoziazioetan kateatuta daude, eta barreiatuta sumatzen da I-27ko giro independentista.

Samara Velte.
Bartzelona
2015eko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Mesederik egiten ez zion ezkontza batetik dibortziatuta eta itxuraz eraberrituta aurkeztuko da CDC Espainiako hauteskunde orokorretara. Sorreratik koaliziokide izan duen Unioko sektore ofizialista alboratuta eta alderdiko independentistak xurgatuta, Democracia i Llibertat marka sortu du abenduaren 20ko bozetarako, eta iragarri du datorren urtean alderdi guztiz berria sortuko duela. Irailaren 27ko hauteskundeen inguruan sortutako giro independentista baliatuz eta subiranista ezkertiarragoen presioek bultzatuta, alderdi «modernoagoa» izan nahi du aurrerantzean, Carles Campuzano (Bartzelona, 1964) zerrendako bigarrenaren hitzetan. Espainiako bozen atarian, ordea, guztiei ari zaie kostatzen arreta Kataluniako prozesuan mantentzea.

Zuentzat oso garrantzitsua zen Kataluniako Gobernua osatzeko akordioa hauteskunde kanpaina hasi aurretik sinatzea. Zuzena al da Madrilgo gorteetarako kanpainak halako prozesu bat baldintzatzea?

Politikan denak eragiten dio denari. Nik dakidanez, negoziatzen ari direnek lanean jarraitzen dute, kanpaina gorabehera. Eta ziur naiz CUPen boto-emaileek ere nahi dutela gobernu sendo bat; azkenean zentzatuko da eta ahalbidetuko du Mas presidentearen inbestidura. Areago: esango nuke, kanpaina honetan, gure aurkari nagusia iraileko boto-emaile independentisten aspermena izan daitekeela, uste dutelako hauteskunde hauek ez direla hain garrantzitsuak edo amorratuta daudelako Mas oraindik ez delako presidente.

Subiranismotik sarri salatu izan duzue Espainiako alderdiek Kataluniaren aurka joz egiten dutela kanpaina han. Oraingoan areagotu egin da?

PPk eta Ciutadansek uste dute diskurtso antikatalanistarekin botoak bilduko dituztela estatuko gainerako lurraldeetan. PPk beste aldi batzuetan ere egin izan du, eta orain uko egin dio katalanak ordezkatzeari. Bazterreko posizioa hartu du erabat: oso jende eskuindarrarena, oso espainolistak direnena. Ordainetan, berri gisa aurkezten den alderdi batek hartu dio lekua; itxura berria duena, baina tonu falangista dariona. Honek egoera aski paradoxiko batera eraman gaitzake: gerta daiteke PP izatea Katalunian boto gutxien biltzen dituen alderdia, baina, ostera, Ciutadansek, askoz emaitza hobea jaso arren, [Mariano] Rajoyren gobernua ahalbidetzea.

1982tik zara Convergenciako kide; 1996tik, kongresuko diputatu. Nola izan dira azken urteak, alderdia birfundatu behar zenutela erabakitzeraino?

CDC beti izan da herrialde honetako gizartean sakon errotutako alderdi bat. Horren abantaila da sakonki bizi ditzakezula gizarteko aldaketak. Kataluniako gizarteak azken bospasei urteotan subiranismoranzko bidea egin du, eta CDCk erraztasun handiz egin du bat harekin. Besteak beste, aldaketa hori bultzatzen zuten mugimenduetako batzuk alderdikoak edo oso gertukoak zirelako: Omnium Culturaleko jende bat, ANCkoa... Bilakaera naturala izan da.

Uniotik bereizteak lagundu du?

Banaketak askatasuna eman digu. Bikotean bizitzeak beti ditu mugak, definizioz. Eta Uniorekin bizitzea, garai batean ekarpena egin arren, une batetik aurrera traba izaten hasi zen. Orain askatasun handiagoa daukagu gure herrialde ideala diseinatzeko, baina ez dugu bakarrik egin nahi. Unio-tik, ERCtik eta PSCtik datorren jende batekin egin nahi dugu, Katalunian sendotzen ari den espazio sozial horretan finkatuz; liberalagoa litzatekeena arlo ekonomikoan, eta sozialdemokratagoa gizarte gaietan.

Zergatik erabaki zenuten berriz ez aurkeztea Junts Pel Si gisa?

Galdera ona da. Nik neuk uste dut askoz hobea zatekeela formula hori errepikatzea, baina uste izan zuten, bereizita, espazio zabalgoetara heltzeko gai izango ginela. Hori ikusteko dago, baina guk edozein kasutan boto subiranista kontzentratzeko eskatuko dugu. Bi hautagaitza aurkezteak dakartzan arriskuetako bat, hain zuzen ere, hori baita: bietako bakar bat ere ez izatea lehen indarra.

Azken legegintzaldietan, CiUk babesa eman die PPren hainbat lege aski polemikori. Katalunian eman duzuen mezu nagusia, ordea, lege itogarrienak Madrildik heltzen zirela zen. Erabat hautsi duzue PPrekin?

Kataluniako herritarren demokrazia eta askatasun gogoek talka egiten duten harresi handia da gaur egun PP, eta distantzia erraldoia daukagu harekiko. Areago: PPk Espainiarako defendatzen duen ideia oso urrun dago guk Kataluniarentzat proposatzen dugunetik. Haiek Latinoamerikaren antza duen etorkizun bat proposatzen dute: ekonomia globalean txertatutako elite batekin, enpresa multinazionalek merkatu handiak kontrolatzen dituztela, eta klase ertainak pobretuta. Katalunian nahiago genuke Danimarkaren, Austriaren edo Suediaren antza eduki, Kolonbiarena, Txilerena edo Mexikorena baino.

Aldaketa betean zarete, beraz. Nola ikusten duzue EAJren posizio estatikoagoa subiranismo gaiei dagokienez?

Tira, Euskadiko Autonomia Erkidegoak eta Nafarroak zortea daukate, praktikan, ia independenteak direlako. Ia-independentzia horrek guk ez daukagun askatasun bat ematen die, eta bestelako estrategia politiko bat izatea ahalbidetzen die. Gainera, EAEn eta Nafarroan oraindik zintzilik dago ETAren indarkeriaren zikloa amaitzea; ez doa aurrera PPren espetxe politika dela-eta, orain presoak hurbiltzeko unea behar lukeelako, baina hura ez dagoelako prest. Hortaz, ulergarria da EAJren zuhurtzia politikoa. Baina, ziur naiz, Kataluniak estatu propioa edo erabakitzeko eskubidea lortzen baditu, EAJ ere hor egongo dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.