Espainia

PPk uztailaren 20an eta 21ean aukeratuko du Rajoyen ordezkoa

Auzitegi Nazionalak frogatutzat eman du Valentziako autonomia erkidegoko PPk ere diru beltzarekin ordaindu zituela 2007ko eta 2008ko hauteskundeetako hainbat ekitaldi.

PPen zuzendaritza, Rajoy erdian dela, gaur egin duen bileran. MARISCAL, EFE
2018ko ekainaren 11
13:03
Entzun

Mariano Rajoy Espainiako PPko presidenteak jakinarazi du uztailaren 20an eta 21ean aukeratuko dutela bere ordezkoa, ezohiko kongresu batean. Zentsura mozio baten bitartez bota zuten Espaniako Gobernutik, ekainaren 1ean, eta joan den astean iragarri zuen utzi egingo duela PPren presidentetza. Harrezkero, hainbatek esan dute lehenbailehen egin behar dela hurrengo liderra aukeratzeko kongresua. Izan ere, ez dago hautagai garbirik, eta Espainian Ciudadanos gora etorrita lehenbailehen atera nahi dute alderdia krisi honetatik. Rajoyk esan du Espainia ezin dela PPren zain egon, eta irailean lanean hasia behar duela zuzendaritza berriak oposizioa egiten hasteko. "Espainiako lehen alderdia gara, eta erantzukizunez jokatu behar dugu".

Luis de Grandes europarlamentaria izango da kongresuaren batzorde antolatzailearen presidentea. Korronte desberdinak bateratuko dituen hautagai bat nahi lukete PPn, baina ez dirudi erraza izango denik. Aukera gehien Alberto Nuñez Feijoo Galiziako presidenteak du une honetan, baina azken egunetan beste izen batzuk ere atera dira, horien artean Iñigo de la Serna eta Jose Manuel Garcia Margallo ministro ohienak. Jose Maria Aznar Espainiako presidente ohiak ere muturra sartu du, baina hautsak harrotu ditu beste ezer baino gehiago. Behin kongresua iragarrita, datozen bi asteetan aurkeztu beharko dituzte hautagaitzak hautagaiek, eta ikusteko dago kontsentsuzko zerrenda bat egongo den edo hautagai baten baino gehiagoren arteko lehia izango den.

Ustelkeriaren itzala, zabalduz

Kongresuaren albistea Espainiako Auzitegi Nazionalak ustelkeriagatiak jarri duen beste zigor baten erdian iritsi da. Gurtel auziaren Valentziako adarrari dagokion auzi bat da, eta epaian lau urteko espetxe zigorra ezarri diote Ricardo Costa Valentziako PPko idazkari nagusi ohiari, bost urteko zigor bana Francisco Correa eta Pablo Crespori, eta sei urte eta bederatzi hilabetekoa Alvaro Perez El Bigotes-i. Epaileek ebatzi dute 2007ko eta 2008ko hauteskundeetako Valentziako PPko hainbat ekitaldi diru beltzarekin ordaindu zituztela, eta faktura faltsuak egin zituztela. Zigor horiek Fitur auzian eta Gurtel auziko lehen aroari dagozkionak gehitu behar dizkiete —azken horretan Perez absolbitu egin zuten—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.