USTELKERIA PP-N

PPko diputatu ohi batek deklaratu du Barcenasek alderdiaren 'B kutxa' erakutsi ziola

Jorge Triasek ustelkeriaren aurkako fiskalari aitortu dio egiazkoak direla 'El País' egunkariak PPren ezkutuko kontabilitateaz argitaratutako agiriak. Barcenasek ia hiru ordu egin zituen atzo deklaratzen.

2013ko otsailaren 7a
09:27
Entzun

Jorge Trias PPko diputatu ohia eta Luis Barcenas PPko diruzain ohia atzo izan ziren ustelkeriaren aurkako fiskalaren aurrean deklaratzen, PPko hainbat buruzagik ustez jasotako gainsoldata ezkutuen inguruan. Triasek fiskalari baieztatu zion Barcenasek berak erakutsi ziola PPko ezkutuko kontabilitatea, eta aitortu zion egiazkoak direla El País egunkariak argitaratutako agiriak.

Ordubetez aritu zen diputatu ohia deklaratzen, El País kazetak berak iturri judizialak aipatuta argitaratu duenez. Triasek esan zuen duela urte batzuk erakutsi zizkiola Barcenasek kontabilitate ezkutuari buruzko agiriak, eta, fiskalak agiri originalak erakutsita, Triasek baieztatu zuen dokumentu horiek zirela Barcenasek iraganean erakutsitakoak.

"Nire eginbeharra bete dut", esan zuen Triasek fiskalaren aurrean deklaratu ondoren. Barcenasek, ordea, ez zuen adierazpenik egin fiskalarekin hitz egin aurretik ezta ondoren ere. Ia hiru orduz izan zen azalpenak ematen, eta esku idazkera aztertzeko froga bat egin zioten, kazetak argitaratutako agiriak Barcenasek idatzitakoak ote diren ebazteko. Agiriak berak idatziak izatea gezurtatu zuen fiskalaren aurrean.

El País-ek argitaratutako agirien arabera, PPko hainbat buruzagik ezkutuko gainsoldatak jaso zituzten 1990 eta 2008 bitartean. Dirua jaso zutenen artean ageri da Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea; dokumentuen arabera, 25.200 euro jaso zituen urtean, 11 urtez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.