Espainia

PPren zuzendaritza utzi du De Cospedalek

Jose Manuel Villarejo komisario ohiari Javier Arenas alderdikidea zelatatzeko eskatu ziola zabaldu ondoren eman du dimisioa PPko idazkari nagusi ohiak. Ez dio uko egin, ordea, Espainiako Kongresuko diputatu karguari.

De Cospedal Espainiak Kongresuan, urriaren 30ean. FERNANDO VILLAR, EFE.
2018ko azaroaren 5a
15:23
Entzun

PPren zuzendaritzan zuen karguari uko egin dio Maria Dolores de Cospedalek, ohar baten bidez. PPko idazkari nagusi ohia eta Espainiako Defentsa ministro izandakoa da Cospedal, eta Moncloa.com agerkariak publiko egindako grabazioen harira dimititu du. Audio horietan entzun daitekeenez, Gurtel auzia ikertzen ari ziren bitartean —2009ko uztailetik aurrera—, Javier Arenas alderdikidea zelatatzeko eskatu zieten De Cospedalek eta Ignacio Lopez del Hierrok —De Cospedalen senarra da— Jose Manuel Villarejo Espainiako Poliziako komisario ohiari.

Audio horietan entzun daitekeenez, Arenasek parte hartzen zuen fundazio bati buruzko dosier bat egiteko eskatu zioten Villarejori. Elkarrizketa horietan, Afredo Perez Rubalcabaren anaia Alejandro zelatatzeko ere eskatu zieten komisario ohiari —Barne ministroa zen Rubalcaba garai hartan—.

PPk zuzendaritzaren bilera zuen gaur, eta haren aurretik jakinarazi du erabakia De Cospedalek. Azaldu duenez, alderdiari eta oraingo presidenteari ez eragiteko utzi du kargua, eta aitortu du bilera batzuk izan zituela Villarejorekin. "Beti egin nuen nire betebeharra zela pentsatuz, eta jarraitzen dut hala pentsatzen", esan du, eta nabarmendu du, PPko idazkari nagusi gisa, bere betebeharra zela "alderdia kaltetu zezaketen gertakariei buruzko informazio guztia" eskuratzea.

PPko presidente Pablo Casadok eskainia zion zuzendaritzako kargua De Cospedali, uztailean, alderdiko azken kongresuaren ondoren. Casadok, hain zuzen, idazkari nagusi ohiaren laguntza izan zuen barne kongresua irabazteko.

Alderdiko zuzendaritza utzi arren, Espainiako Kongresuan diputatu izaten jarraituko du De Cospedalek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.