Ehun euskal kazetarik baino gehiagok Marokok informazio eskubidearen aurka egiten dituen urraketak eteteko eskatu dute adierazpen batean. Atzo aurkeztu zuen manifestua Euskadi Sahara mugimenduak, Donostiako Aieteko jauregian; Xabier Euzkitze eta Kristina Berasain kazetariek irakurri zuten. Sinatzaileek salatu dute Marokok «burdinazko eskuarekin» kontrolatzen duela Mendebaldeko Saharako informazioa, «tokiko kazetaritza modu gupidagabean zigortuz eta atzerriko hedabideen sarbidea blokeatuz». Informazio blokeoari nazioarteko hedabideen «isiltasun konplizea» gehitzen zaiola gaineratu dute. Atzerriko kazetariei herrialdean sartzea galarazten zaiela ere salatu dute. Kazetarien aurkako jazarpenari ere erreparatu diote, eta adierazi dute Marokok su-etena urratu zuenetik egoera larriagotu egin dela.
Eskaera zuzenak egin dizkiote Marokori: prentsa eta informazio askatasunak errespetatzeko, kazetarien aurkako jazarpena amaitzeko, preso dauden kazetariei prozesu bidezkoak bermatzeko eta kazetariei herrialdera sartzeko oztopoak kentzeko. Bestalde, kazetariei eskatu diete «informazio egiazkoa eta zorrotza» emateko, eta «urte hauetan nagusi izan den isiltasun konplizeari amaiera emateko».
Euskadi Sahara mugimenduak agerraldia baliatu zuen hilaren 20an hiriburu guztietan manifestazioak egingo dituztela iragartzeko.
Prentsa askatasuna bermatzeko eskatu diote Marokori
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu