Egipto. Presidentetzarako hauteskundeetarako hautagaiak

Presidente berriaren bila

Egipto trantsizioko azken fasean sartu da, maiatzaren 23an presidentetzarako lehiatuko direnen zerrenda onartu osteanPolemikak azkenera arte egon dira, eta orain konstituzioaren idazketa da kezketako bat

Kairo
2012ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Hosni Mubarak presidentea boteretik bota zuen matxinada izan eta hamabost hilabetera, Egipto azken fasean da, demokraziarako bere trantsizio politikoan. Hurrengo hauteskundeak datorren maiatzaren 23an eta 24an izango dira, lehen itzulian; etaekainaren erdialdean, hala behar izanez gero, bigarren itzulian. Hauteskunde horien emaitzak nahikoabehar luke kontseilu militarrak bere botereak eskualdatzeko. Berandu, hala ere, kontuan izanik boterea hartutakoan militarrek hitzemandakoa: sei hilabete. Eta goiz, kontuan izanik herrialdeak ez duela eraberritu Konstituzioa, ezta horretarako batzarrik eratu ere; egiaztatu dutenez, ekainaren 30erako izango omen dute gertu lege nagusia. Gauzak nola doazen ikusita, jende asko haserre dago, eta atzo bezala, ostiralero ez dira protestak falta Tahrir plazan.

Ez presidentetzarako lehian eta ez trantsizioko beste fase guztietan ere ez da falta izan polemikarik. Aste hauen ezaugarri izan dira, besteak beste, hautagai garrantzitsuak kanporatzea, berriro onartzea, eta korrika eta presaka egindako legeak. Aste ezinago tirabiratsuak izan dira; batez ere, alderdi islamistentzat. Hainbesteraino, non kanporatutako hautagaietako batek baitauka presidentetzako bulegoa irekitzeko giltza: Hazem Salah Abu Ismail salafista eta predikariak. Haren jarraitzaileek han segitzen zuten atzo Kairon, Tahrir plazan, haren kanporatzea zela-eta protestan, aste osoan egin duten moduan. Abu Ismail kanporatu egin zuten; ustez, haren amak AEBetako pasaportea erabili zuelako .Izan ere, legeak debekatu egiten du atzerritarrak izatea hautagaiaren bikotekidea edo gurasoak.

«Kanporatu egin dute lege islamikoa ezarri nahi zuelako, alegia, egiptoar askoren ametsa, baina amerikarrek gogoko ez dutena. AEBen erabakia da, eta kontseilu militarrak ezarria», adierazi zuen atzo Xerif Ahmed mutil gazteak; bizarra luzatzen ari da, «profeta imitatzearren», horixe izaki salafisten ikur ezaugarria. «Lider ona da Abu Ismail, ideia xume baina sakonekoa, eta oso zintzoa», esan zuen Xerifek; hark esatera, ezin izan du besterik hautatu, «guztiek baitituzte hutsak». Hain zuzen ere, salafisten boto joerak—parlamenturako hauteskundeetan, botoen %27 lortu baitzituen— makurraraz dezake balantza gainerako hamahiru hautagaietako baten aldera, ordezkaririk gabe geratu baita islamaren adarrik kontserbadoreena.

Beste alde batetik, parlamentuan onartutako lege bat dago: Mubarakekin azken hamar urtean goialdean ibilitakoei galarazi egiten die kargu politikoak izatea. Lege horretan oinarriturik, hauteskunde batzordeak hasieran bazter batean utzi zuen Ahmed Xafik, Mubarakek lehen ministro izendatu baitzuen iraultzako lehen egunetan, erregimena salbatzeko saio desesperatu batean. Nolanahi ere, Xafiken apelazioa aztertu zutenean, hura onartzea erabaki zuen batzordeak hurrengo egunean. Batzordeko idazkari Hatem Bagatok honela azaldu zuen: «Xafikek argudiatu zuen legea konstituzioaren kontrakoa dela, eta erabaki genuen Auzitegi Konstituzionalari bidaltzea, azter zezan».

Ez da ahaztu behar ezkerreko giro iraultzaileek ez dutela hautagai argi sendorik babesteko, batez ere Mohamed el-Baradei Energia Atomikoaren Agentziako zuzendari nagusi ohiak erabaki zuenetik ez aurkeztea, ez dagoelako ados kontseilu militarrarekin trantsizioa gidatzeko moduari buruz.

Nor da nor? Faboritoak

Amr Musa (75 urte)da irabazteko aukera gehien dituenetakoa. Ibilbide luzea du politikan. Nabarmentzekoa da: besteak beste, hamar urtean izan zela Egiptoko Atzerri Arazoetako buru, 1991tik 2001era; eta beste hamar urtean Arabiar Ligako buru, 2001etik 2011ra. Eskarmentua du bertuterik onena; batez ere, gizarteko parte handi batentzat, zeina «aspertua» baitauka iraultzak eta egonkortasun eske baitabil. Antzinako erregimeneko kide eta Mubaraken hurbilenekoetako bat izatea egozten diote islamistek eta iraultzaileek.

Abdel Muniem Abu-el-Futuh (60 urte) goian ageri da inkestetan. Presidentetzarako hauteskundeetara aurkezteko asmoa zuela esan zuen, eta kanporatu egin zuten Anaia Musulmanen taldetik. Islamista moderatua da, baina gai da sektore liberaleko botoak ere bereganatzeko. Badu karisma, eta begirunea dio jendeak, baina makineria indartsua beharko du herritar gehiago konbentzitzeko.

Behin Jairat-el-Xatir kanporaturik, Mohamed Mursi (60 urte) dute hautagai Anaia Musulmanek. Askatasuna eta Justizia alderdiko lehen presidente izan zen; iraultza ostean sortu zen alderdi hori. Ez omen du karisma nahikorik, eta baliteke talde islamistaren joan-etorrien erasana jasan behar izatea, baina bere makineria guztia darabil bere alde. Aurreko hauteskundeetan arrakasta itzela lortu zuen bere alderdiak.

Badirudi aipaturiko hiru hautagai horietako batek irabaziko duela, baina zerrenda luzeagoa da: Hamden Sabahi nasserista; Hixam el-Bastawisi, Mubaraken kritiko porrokatua eta Tagamu alderdiko liderra; Mohamed Salim el-Awa intelektual islamista; Ahmed Xafik, Mubaraken azken lehen ministro eta Abiazioko ministro ohia, zeinak Mubaraken aldekoen botoak bil ditzakeen; Khaled Ali, giza eskubideen ekintzailea,40 urtekoa eta, beraz, hautagai gazteena.

Iraultzaren aldeko sutsuen artean dituzte honako hauek beren boto-emaileak: Abdallah el-Ashaal, Asala alderdi salafista txikiko burua; Abu el-Ezz el-Hariri, Herri Koalizio Sozialistakoa; Hossam Jairallah, zerbitzu sekretuetako kide izana eta kontseilu militarraren babesa duena; Mohamed Fawzi, Belaunaldi Demokratikoa alderdikoa; eta Mahmud Hosam, Poliziako kide izana.

Kanpoan geratutakoak

Hazem Salah Abu Ismail kanpoan uzteaz gain, nabarmentzekoa da telebistaz Hosni Mubaraken dimisioa iragarri zuen gizonaren kanporaketa ere: Omar Suleimanena, zeinak lurrikara politikoa eragin zuen aurkezteko asmoa iragarri zuenean. Mubaraken bigarrena zen, zerbitzu sekretuetako gizon garrantzitsuena, baina ez zuen aurkezteko behar ziren 30.000 sinadura jasotzerik lortu. Kanpora utzi dituzten hamarretako beste bat Jairat el-Xatir izan da, Anaia Musulmanen lehen aukera. Mubaraken garaian ustelkeriagatik zigortu zuten, eta zigorra ez da oraindik baliogabe geratu. Emakumezko lehen hautagaiak, berriz, Buzaima Kamei telebista aurkezleak, ez ditu beharrezko sinadurak bildu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.