Soslaia. Martin Schulz

Presidente maneiagaitza

Jon Fernandez.
2012ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Presidente maneiagaitza izango naiz». Ahoan bilorik gabe hitz egiten du Martin Schulz sozialdemokrata alemaniarrak (Hehlrath, Alemania, 1955), eta halaxe egin du Europako Parlamentuko presidente izendatu duten egunean ere. Uste du estatuburuek eta gobernuburuek Europako Parlamentuari jaramonik egin gabe gidatzen dutela Europa, eta argi esan du horren kontra dagoela. «Biltzar batetik bestera joaten dira, emaitzarik lortu barik, legebiltzarra kanpo lagata, eta herrialdeen ordezkariak bigarren mailako ordezkari bilakatuta».

Jerzy Buzek kontserbadore poloniarra ordezkatu zuen atzo Schulzek Estrasburgon, 2009an popularrek eta sozialdemokratek egindako itun bati esker: presidentzia bost urtean behin txandakatzea hitzartu zuten. Oso europazalea da Schulz, eta «EB porrotaren atarian den honetan», estatuen interesen gainetik batasunaren interesa gailentzeko lan egingo duela adierazi du.

Liburu saltzailea da ogibidez. 1991n sartu zen politikan, Wurselen hiriko alkate bihurtuta. 1994an iritsi zen Europako Parlamentura, eta 2004az geroztik sozialdemokraten presidentea da han. Nolanahi ere, hitz egiterakoan agertzen duen suhartasunak eta estilo zuzenak egin du ezagun. «Naizen modukoa naiz. Beti gauza berberak esatea egozten digute herritarrek. Argudio hori deusestatzeko, herritarrei eman behar diegu hitza».

2003an egin zuen ezagun bere suhartasunak. Orduan Silvio Berlusconi zen EBko presidentea, eta Estrasburgora joan zenean gogor ekin zion Schulzek, besteak beste, Italiako Immigrazio Legea EBren kontrakoa zela egotzita. Berlusconik zera erantzun zion: «Ezagutzen dut ekoizle italiar bat nazien kontzentrazio esparruen gaineko film bat egiten ari dena. Naziburuaren rola zuri emateko gomendatuko diot. Ezin hobea zara rol horretarako».•
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.