Presidentea hautatuko dute gaur Serbian

Inkestek gaur egungo presidente Boris Tadicen aurretik jarri dute Tomislav Nikolic kontserbadorea

Erredakzioa
2012ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Alkateak, parlamentua eta presidentea aukeratuko dituzte gaur Serbian 6,8 milioi herritar inguruk. Herrialdeko egoera ekonomiko larriak—%23,7koa da langabezia tasa—, bazter utzi du kanpainan Serbiako gai politiko nagusietako bat: Kosovorekiko harreman gaiztoa. Promesa ugari egin dituzte alderdiek kanpainan: bizi-maila hobetzea, lanpostu berriak sortzea, ustelkeriaren kontrako borroka bultzatzea eta atzerriko inbertitzaile berriak erakartzea. Baina Serbiaren aurreikuspen ekonomikoa iluna da, eta atsekabea da nagusi hautesleen artean.

Egungo presidente Boris Tadic eta SNS Serbiako Alderdi Aurrerakoiko Tomislav Nikolic dira faborito nagusiak. DS Alderdi Demokratikoko burua da egungo presidentea, erreformista europazalea; Nikolic, berriz, kontserbadorea da. Inkesten arabera, botoen %32,5 lortuko dituzte SNSk eta %27 DSk, eta Ivica Dacic SPS Alderdi Sozialistako hautagaia hirugarren geratuko da, botoen %13,2 jasota. Barne ministroa da egun Dacic, DSren eta SPSren arteko koalizio gobernuan.

Lehenengo itzulian inork ez badu lortzen %50etik gorako babesik, hilaren 20an egingo dute bigarren itzulia bi presidentegai bozkatuenen artean.

Brusela, erantzukizun eske

Hauteskundeen harira, gaurkoan «erantzukizunez jokatzeko» eskatu die serbiarrei Catherine Ashton EB Europako Batasuneko Atzerri Gaietarako goi mandatariak. EBn sartzeko hautagai estatusa jaso zuen Serbiak joan den martxoan, Radovan Karadzic eta Ratko Mladic Serbiako Errepublikaren lurretan gerrako azken kriminal nagusiak harrapatu eta nazioarteko justiziaren esku jarri ostean, eta 2008an bere independentzia aldarrikatu zuen Kosovorekin harremanak normalizatzeko elkarrizketak hasi ostean.

Gaur, esaterako, Kosovon bizi diren 110.000 serbiarrek eman ahal izango dute botoa parlamentua eta presidentea aukeratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.