Bozek euren bizia aldatuko duten itxaropena dute herritarrek. Nazioarteko GKEek egindako inkesta baten arabera, gobernu berriak guztientzako lanpostuak sortuko dituela, borroak bukatuko dituela eta eskualde guztietan ur putzuak eraikiko dituela uste dute gehienek.Agintarien kezkak beste batzuk dira. Segurtasunak kezkatzen ditu. Atzo, adibidez, hainbat kohete bota zituzten Kabul hiriburuan eta beste hainbat herritan. Ondorioz, Jalalabaden bi haur zauritu ziren. Irailaren 11ko atentatuen ostean, Estatu Batuek Afganistani eraso eta talibanak Gobernutik kendu zituzten. Era berean, Hamid Karzai izendatu zuten jarduneko presidente. Gerrako jauntxoei botea kendu eta herrialdea batzea zen bere helburua. Baina hiru urte ez dira nahikoa izan horretarako. Karzaik Kabul hiriburua soilik du bere menpe, betiere AEBen laguntzarekin. Beste eskualdeak tribuetako buruen eta gerrako jauntxoen kontrolpean daude. Karzai horien boterea gutxitzen saiatu da azken hilabeteotan. Horretarako, hasieran behin-behineko gobernuko kide izendatu zituen zenbait buruzagi kargutik kendu ditu eta sistema politiko zentralistagoa bultzatu du. Afganistanen garrantzi handia dute etniek eta tribuek. Tribu bateko kideek haien buruzagiaren esana bete behar dute. Hego-ekialdean dagoen Khost probintzian, esaterako, terezai tribuko buruzagiek Karzairen alde bozkatzen ez dutenen etxeak erreko dituztela ohartarazi dute. Tribu horretako kideak paxtuak dira, jarduneko presidentea bezala. Paxtuak, ordea, ez dira herrialde horretako etnia bakarra, tadjikek, uzbekek eta hazarek ere izango dute noren alde bozkatu. Presidente kargua eskuratu nahi dutenen artean etnia gehienetako ordezkariak daude.
Bi milioi iheslari
Afganistanen bozkatuko duten 10,5 milioi herritarrez gain, Pakistanen eta Iranen beste 2,3 milioi inguru errefuxiatu bizi dira, NBEren arabera. Pakistanen, esaterako, 740.000 errefuxiatuk eman dute izena erroldan. Baina, Migraziorako Nazioarteko Erakundearen arabera, askoz gehiago dira han bizi diren errefuxiatuak.
Talibanek, bestalde, ordezkariak bidali dituzte iheslarien kanpalekuetara. Jendeari ez bozkatzeko eskatu diote, hauteskundeak AEBetako Gobernuaren amarrua direla esanez.Erroldak egiteko ez ezik, herritarrei nola bozkatu azaltzeko ere arazoak izan dituzte NBEko kideek, biztanleen %85 analfabetoak direlako. Ondorioz, hauteslekuetan jarritako irudien bidez azaldu diete prozesua.
-
Hautagaiak
HAMID KARZAI
Jarduneko presidentea
Bozetara aurkezten diren 18 hautagaietatik irabazteko aukera gehien duena da. 2001eko abenduan Bonneko Konferentzian izendatu zuten jarduneko presidente eta AEBetako Gobernuaren laguntza jaso du. Paxtua da bera. Afganistango etniarik zabalena da hori. Agintean egon den hiru urteotan, ordea, ez du herrialdea kontrolatzea lortu. Kabul soilik dago bere menpe. Gerrako jauntxoekin hitzezko akordioa lortu zuen arren, segurtasun arazoak ez dira konpondu.
JUNUS KANUNI
Hezkuntza ministro ohia
Karzairen aurkari nagusia da Kanuni. Tadjik etniakoa da bera. Iparraldeko Aliantzaren sortzaileetako bat da eta Defentsa eta Atzerri ministroak ditu bere alde. Bera da esperientzia gehien duen hautagaia. 1970eko hamarkadan hasi zuen bere ibilbide politikoa. Karzaik proposatutako politika zentralistaren aurka agertu zen, etnia txikiek boterea galduko zutelako.
MASOODA JALAL
Pediatra
Emakumezko hautagai bakarra da. Ez du laguntza handirik izan eta gerrako jauntxoek eta talibanek mehatxatuizan dute. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzea da bere helburu nagusietako bat. Tribuetako buruek Jalalen jarduera onartu eta haren hitzak entzuten dituzten arren ez dutela emakume baten alde bozkatuko iragarri dute, eta gauza bera egiteko eskatu diete herritarrei.
-
EMAKUMEEN EGOERA
%41 emakumeak dira, baina askok ezingo dute bozkatu
Afganistango erroldan izena eman duten 10,5 milioi pertsonetatik %41 emakumeak dira. Baina bozkatzera joaten direnek arriskuan jarriko dute bizia. Talibanak Gobernutik kendu zituztenetik emakumeen eskubideak bermatuta daudela diote AEBek. Baina Human Rights Watch erakundearen arabera, egunerokoan aldaketa gutxi izan dira.
Talibanek eta gerrako jauntxoek emakumeen eskubideen aldeko kanpaina egin duten hautagaiak eta bozkatzeko asmoa agertu duten emakumeak mehatxatu dituzte. Konstituzioak berdintasunaren alde egiten duen arren, emakumeek lan egitea gaizki ikusia dago Afganistanen. Ondorioz, alargunek eskean egin behar dute, jan nahi badute. Horretaz gain, familiakoa ez den gizon batekin kalean ikusten badituzte, Poliziak atxilotu egin ditzake. Tratu txarrak eta bazterketa ohikoak dira. Meena, adibidez, bortxatu egin zuen gizon batek eta berarekin ezkonduko zela esan zion gero. Baina, familiak gertatutakoa jakin zuenean, gizonak ukatu egin zuen emakumea ezagutzen zuela. Geroztik baztertuta bizi da.Habiba Sarabi Emakumeen Gaietarako ministroaren esanetan, Afganistango Konstituzioa aldatzea aurrerapauso handia izan bada ere, hezkuntza aldatzea da oinarrizkoena.