Yemengo presidente Ali Abdala Salek bi urte barru boterea utziko duela iragarri badu ere, milaka lagun atera dira kalera herrialdeko hiri nagusietan, presidenteak agintea berehala utz dezala eskatzeko. Oposizioko alderdi nagusiek eta hainbat talde zibilek egin zuten manifestaziorako deia presidentearen iragarpena jakin aitzinetik. Hala ere, Saleren erabakia ez zuten nahikotzat jo, eta protestarako deialdiari eutsi zioten. Azken bi asteetan Yemenen egindako mobilizaziorik handiena izan zen atzokoa. Amorruaren eguna deitu zion oposizioak.
Sana hiriburuan 20.000 lagun inguru elkartu ziren unibertsitatearen campusean. Militarren eta Poliziaren presentzia nabaria izan bazen ere, ez zen istilurik gertatu. Manifestazioaren ondoko hitzaldian, Abdelrahman Azraqi oposizioko indar nagusiek osatutako plataformako bozeramaileak gutxi batzuen mesedetan aritzea leporatu zion Saleri. Presidenteak Yemen «hondoratu» duela uste du Azraqik. «Yemengo herria artalde bat dela uste du, eta, horregatik, diru eta enplegu publikoaz eta petrolioa eta gasa bezalako baliabide naturalez jabetu da». Oposizioari erantzuteko, Saleren milaka jarraitzaile elkartu ziren Tahrir plazan.
Aden hirian, hego-mendebaldean, istiluak izan ziren manifestarien eta Poliziaren artean. Poliziak negar eragiteko gasa jaurti zuen jendetzaren aurka, eta airera tiro egin zuen. Oposizioko iturrien arabera, istiluetan lagun bat zauritu zen eta Poliziak 27 manifestari atxilotu zituen.
Salek 1978an eskuratu zuen Ipar Yemengo presidentetza—Yemen bi estatutan banatuta zegoen orduan: kapitalista iparraldean eta sozialista hegoaldean—. Herrialdea 1990ean batu zen, eta Salek agintean jarraitu du ordutik. Azkenekoz 2006an hautatu zuten, baina iragan abenduan Konstituzioa aldatuko zuela iragarri zuen, hurrengo legealdian karguari eusteko. Horrek oposizioa haserrearazi zuen. Salek zin egin duen arren 2013an ez dela aurkeztuko eta bere semea oinordetzan ez duela paratuko, ez du protestak gelditzerik lortu.
Tunisiaren soka luzea
Protestetarako deialdiak bizi-bizi ari dira hedatzen Afrika iparraldeko eta Ekialde Hurbileko herrialdeetan. Gaur bertan Sirian antolatu dituzte manifestazioak. Siriako Iraultzataldeak Internet bidez egin du deialdia. 1963tik ezarritako Larrialdi Legea bertan behera uzteko eskatuko diote manifestariek gobernuari.
Aljerian ere, gobernuak larrialdi egoera bertan behera utz dezala eskatzeko, mobilizazioak prestatzen ari dira hilaren 12rako. Abdelaziz Buteflika presidenteak iragarri du «aurki» kenduko duela 1992tik indarrean dagoen larrialdi egoera. Hala ere, hiriburuan bederen inongo mobilizaziorik ez dutela baimenduko jakinarazi du gobernuak. Marokon, berriz, Facebooken sortutako talde batek hilaren 20rako «nazio matxinadarako» deia egin du. Erregea buru izanen duen «konstituzio demokratikoa» aldarrikatuko dute. Zisjordanian, PAN Palestinako Aginte Nazionalak «eskualdeko kausen sostengurako» mobilizazio oro debekatzea erabaki du.
Protestak herrialde arabiarretan
Presidentearen dimisioa eskatzeko, milaka lagun kalera atera dira Yemenen
Gaurko eta datozen egunetarako gobernuen aurkako protestak antolatu dituzte Sirian, Aljerian eta Marokon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu