Presidentegaiak aukeratzeko bozak hasiko dituzte gaur AEBetan

Clinton eta Obama demokratak eta Giuliani eta Huckabee errepublikanoak dira irabazteko faboritoak

arantxa elizegi egilegor
2008ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Hasi da lasterketa. Demokraten artean Hillary Clinton eta Barack Obama doaz aurretik; errepublikanoen artean, ordea, lehia estuagoa da eta ez dago faborito argirik, nahiz eta New Yorkeko alkate ohia, Rudolph Giuliani joan, oraingoz, buru. Horiek hala, Iowako herritarrek estreinatuko dute gaur errepublikanoen eta demokraten presidentegaiak aukeratzeko prozesua. Lehena izatea garrantzitsua da boz hauen kasuan, irabazleak indartuta ateratzen direlako kanpainarekin jarraitzeko, bai ekonomia aldetik, eta baita hurrengo bozketetarako ere. Horregatik, hautagaiek atzoko azken minutua ere baliatu zuten Iowako herritarren sostengua bermatzeko.

Auzoz auzo eta atez ate ibili dira azken egunetan Iowan irabazteko aukerak dituzten hautagaien ordezkariak. «Iowan inoiz egin den ahaleginik handiena ari gara egiten hautesleak erakartzeko», nabarmendu du Obamaren ordezkari Gordon Fisherrek. Izan ere, presidentegaiak hautatzeko aurreko biltzarrean parte-hartzea oso baxua izan zen, eta oraingoan ere hala gertatuz gero, hautagaiek behar duten %15a lortzeko arazo gehiago izango dituzte.

Obamarenak ez ziren, ordea, Iowako kaleetan zebiltzan ordezkari bakarrak. John Edwardsek -demokraten artean hirugarrenak- mila ordezkari bidali ditu estatu osora. Horretaz gain, beste ehunka lagun ditu etxeetara deiak egiteaz arduratzen direnak. Adituen arabera, inoizko kanpainarik handiena ari dira egiten bi aldeak botoak eskuratzeko lehian.



BUSH ETA CHENEY LEHIATIK AT. 1928tik lehen aldiz, ez egungo presidentea eta ezta presidenteordea ere ez dira bozetara aurkeztuko. George Bushek, jada, bete ditu legeak ezartzen dituen bi legealdiak; eta Dick Cheney presidenteordeak, berriz, ez aurkeztea erabaki du. Horiek hala, errepublikanoen artean Giuliani da inkestetan aurretik agertzen dena, nahiz eta Mike Huckabeek gertutik jarraitu. Azken hori jarraitzaileei zuzendu zitzaien atzo, bozkatzera deitzeko. «Ez joan bakarrik. Eraman jendea zuekin». Izan ere, demokratentzat baino garrantzitsuagoa da gaurko bozketa errepublikanoentzat, hautagai nagusien arteko tartea handitzeko aukera izango dutelako. Dena den, Iowaren kasuan, Giulianik nahiago izan du ahalegin berezirik ez egin, estatu jendetsuagoetara bideratu du kanpaina, besteak beste, Floridara.

Irakeko gerra, immigrazioa eta gizarte arazoak izan dituzte bi aldeek eztabaidagai nagusi. Alde nabarmena dago, gainera, bi alderdien artean: hautagai demokrata batzuek -Hillary Clinton kasu- bere garaian Iraken okupazioaren alde bozkatu zuten arren, denek eskatzen dute egun tropak erretiratzeko; aldiz, errepublikanoek Bushen estrategia sostengatzen dute. Badira, ordea, aldeak hautagai batzuen eta besteen artean. Hillary Clintonek, esaterako, Bill Clinton senarra presidente zen garaiko esperientzia eta politikagintzan egindako ibilbide luzea argudiatzen ditu hautagai aukeratu dezaten. Obamak, aldiz, dio egungo AEBetako Gobernuko buruzagi askok ere badutela esperientzia aski, baina hala ere, okerreko bidetik eraman dutela herrialdea.

Bestalde, eta presidentetza lortzeko aukera eskasak dituzten arren, badira hautagai independente posibleak ere, New Yorkeko alkate Michael Bloomberg, kasu. Bloombergek ukatu egin du orain arte aurkezteko asmorik duela, baina askok diote oraindik posible lukeela erabakia aldatzea. Gainera ez luke diru bilketa kanpainarik egin beharrik, aberatsa baita. Ron Paul errepublikanoa izan daiteke beste bat. Alderdi barruan lortuko ez duena independente gisa lortuko lukeela diote adituek.



ZenBaKIa

100

Diru bilketa. Hillary Clinton eta Barack Obama hautagai demokratek 100 milioi dolar lortu dituzte, hurrenez hurren, beren kanpainetarako. Lehen aldia da presidentegai izateko bi hautagaiek diru kopuru hori lortzen dutela.





EGUN GarranTzITsuaK

Urtarrilaren 3a. Presidentegai demokrata eta errepublikanoak aukeratzeko biltzarrak egingo dituzte gaur Iowan.

Urtarrilaren 8a. New Hampshiren bozketa bidez aukeratuko dituzte presidentegaiak.

Urtarrilaren 15a. Michiganen egingo dute bozketa.

Urtarrilaren 19a. Nevadan biltzarra egingo dute hautagai errepublikano eta demokratak hautatzeko, eta Hego Carolinan bozketa hautagai demokratak aukeratzeko.

Urtarrilaren 26a. Hautagai errepublikanoak aukeratuko dituzte Hego Carolinan bozketa bidez.

Urtarrilaren 29a. Bozketa egingo dute Floridan.

Otsailaren 5a. Presidentegaiak aukeratzeko bozketak eta biltzarrak egingo dituzte 20 estatutan, besteak beste, Kalifornian, New Yorken eta New Jerseyn.

Abuztuaren 25-28. Alderdi Demokrataren Konbentzio Nazionala egingo dute. Estatu bakoitzean lortutako sostengua kontuan hartuta aukeratuko dute demokraten hautagaia izango dena.

Irailaren 1-4. Alderdi Errepublikanoaren Konbentzio Nazionala. Presidentegaia izango dena aukeratuko dute nazio mailako bilkuran.

Azaroaren 4a. AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentea aukeratzeko bozak egingo dituzte.





Biltzarrak eta bozak, hautagaia aukeratzeko bi era

Estatu bakoitzak erabakitzen du AEBetan nola aukeratuko dituzten presidentegaiak
a. e.

Indigena algonquinoen buruzagien bilerak caucus -biltzarra-izena jasotzen zuten garai batean. Gaur egun, ordea, hitz hori bera alderdietako militanteen bilerak izendatzeko erabiltzen dute AEBetan. Zehazki alderdietako presidentegaiak aukeratzeko egiten dituzte biltzar edo caucus-ak.

Biltzarren bidez aukeratuko dituzte gaur Iowan alderdi errepublikanoaren eta demokrataren presidentegaiak. Barruti bakoitzean toki jakinean bilduko dira herritarrak. Bilera egingo den tokira sartzerakoan zein alderditako hautagaia aukeratuko duten jakinarazi beharko dute, hau da, pertsona berak ezingo du hautagai errepublikanoaren eta demokrataren alde egin aldi berean.

Errepublikanoen aldekoek orri zuri batean idatziko dute beren hautagaiaren izena, eta boto gehien lortzen dituenak irabaziko du. Demokraten aukeraketa, ordea, konplikatuagoa da. Hautagai bakoitzak ordezkari bat bidaltzen du biltzarrera, eta herritarrek taldeak egiten dituzte nahiago duten ordezkariaren inguruan. Aretoan bildutako herritarren %15en sostengua behar dute gutxienez aukeratuak izateko. Hautagairen batek hori lotuko ez balu, haren aldekoek bi aukera dituzte: beste talde batekin bat egitea, edo beste hautagaien aldekoak konbentzitzen saiatzea. 30 minutu dituzte erabakia hartzeko.



ORDEZKARIAK.Gutxieneko kopurua lortu duten hautagaien ordezkariek, berriz, beste hainbat ordezko aukeratuko dituzte barrutien arabera. Horien ardura izango da estatu mailako ordezkariak hautatzea, zeinak alderdien biltzar orokorretara joango diren presidentegaia aukeratzera.

Bada, ordea, beste era sinpleagorik alderdietako hautagaiak aukeratzeko. Esaterako, Iowan ez bezala, New Hampshiren bozen bidez aukeratuko dituzte presidentegai errepublikano eta demokratak. Hauteskunde horiek bi eratakoak izan daitezke: irekiak eta itxiak. Irekien kasuan edonor joan daiteke bozkatzera; itxien kasuan, aldiz, soilik alderdietako militanteek har dezakete parte hauteskundeetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.